Nagore BELASTEGI
IKASTURTE HASIERA EUSKALTEGIAN

Zerotik hasita, euskararen munduetan barneratzen

Euskara urtebetean ikasi duten pertsona gutxi batzuk agertu izan dira azkenaldian hedabideetan. Horiek izan litezke aurten euskaltegietan izena eman dutenetako batzuen inspirazioa. Beste batzuek, berriz, ondo pasatzen duten bitartean maila hobetzea dute helburu.

Euskal Herriko euskaltegi guztiek duten ezaugarria da bertan izan ohi den giro ona. Adin eta jatorri desberdineko pertsonak elkartzen dira helburu berarekin, euskara ikastea, eta maila desberdina duten arren, ulertu egiten diote elkarri. Cris Places galiziarra da eta bi urte eman ditu Norvegian. Bertan norvegiera ikasten saiatu zen, eta orain Donostian bizi denez, euskara ikasi nahi du. «Euskara gustatzen zait Europako hizkuntzarik zaharrena delako. Momentuz deklinabideekin hasi gara», aipatu zuen atzo gaztelaniaz bere hirugarren euskara eskola jaso ostean. «Esan zidaten urte osoan zehar ikasiz lehenengo mailako azterketa gainditzea posible dela, baina ez da nire lehentasuna», aipatu zuen. «Euskara galegoaren kontrakoa da; hemen `k' asko erabiltzen dira eta `z' desberdin ahoskatzen da. Pixkanaka joango naiz ikasten...», esan zuen. Bere ikasketa prozesu horretan zerikusia du bere bikotekideak, euskalduna baita. «Lagun euskaldunekin elkartzen denean saiatzen naiz entzuten eta hitz batzuk ikasten ditut horrela», aitortu zuen.

Places Amara Berriko AEK-ko euskaltegira egindako bisitan ezagutu genuen, baita Mila Lorente irundarra ere. Ekainean B2 profila atera zuen eta hori nahikoa zaio ospitalean lan egiteko. Hala eta guztiz ere, gehiago ikasi nahi du. Une honetan Donostiako ospitalean zuen kontratua amaitu egin zaio, baina berriro deituko diotela uste du: «Agian, taldez aldatu beharko naute. Euskaltegiaren abantaila da hori egiteko aukera ematen didala». Horrela, lana eta euskara ikastea, biak egin ahal izango ditu.

«Euskaltegira ikastera etortzen naiz, baina baita jendea ezagutzera ere», esan zuen gelan duten giro ona nabarmenduz. 33 urte ditu, eta bere ikaskideak 25 eta 40 urte artekoak dira.

Miraren gela berean dabil Luismo Fresnillo donostiarra. Eskolan euskara ikasgai gisa zuen eta ez zuen azterketak gainditzea lortzen, beraz, euskaltegian hasi zen. «Euskararen giro hau gustatu zitzaidan eta EGA ateratzen saiatu nintzen, titulazio bat izateko. Ez nuen lortu eta epe batez baztertu egin nuen, baina orain berriro hartu diot erritmoa eta ea aurten EGA ateratzen dudan. Lortzen ez badut ez da ezer gertatzen», kontatu zuen, berarentzat urtez urte hobetzen joatea garrantzitsuena dela argi utzita. Hori lortzeko kalean ahalik eta gehienetan euskara erabiltzen ahalegintzen da eta jarrera egokia zein den argi dauka: «Euskara ikasteko pazientzia eta gogoa izan behar da. Lotsa alde batera uztea ezinbestekoa da».

Silvia Novellak ere EGA ateratzea du helburu. Donostiakoa da, ikastolan ikasi du eta unibertsitateko ikasketak ere euskaraz egin zituen. Hala ere, EGAko azterketara bi aldiz aurkeztu da eta ez du lortu atariko proba gainditzea. Titulazioa lortu nahi du «badaezpada ere», euskara dakiela frogatu ahal izateko. «Orain dakidana freskatzea falta zait, urteak eman ditudalako idazlanik idatzi gabe. Uste dut ahozko azterketan ez dudala arazorik izango», aipatu zuen.

Ikaslea, zuzendari

Lau ikasle hauei nabari zaie maila desberdina dutela, baina lauren ilusioa berdintsua da. Karlos Almonacidek ere ilusio horri eusten dio oraindik, Amara Berri euskaltegiak zuen eraikin zaharrean euskara ikasten hasi zeneko ilusio berberari. Orain zentro berriko zuzendaria da. «Egin daiteke! posible da!», esan zuen irribarretsu.

Azken urteetan AEKren matrikulazio kopuruak behera egin du eta, horren ondorioz, langileen lanorduak berrantolatu egin behar izan dituzte. Hala ere, badirudi orain egoera hobetzen ari dela eta, poliki-poliki, goranzko joera hartu duela. «Egoera sozioekonomikoak eragina du; adibidez, administrazio publikoko langile gutxiago daude euskaltegietan. Nire ustez, diru gutxiago dedikatzen dio gobernuak euskara ikas dezaten langileak liberatzeari», esan zuen zuzendariak. Matrikulazioaren gaineko datu zehatzak hilabete amaieran ezagutuko ditugu.