Ariane KAMIO DONOSTIA

Arantxa Urretabizkaia: «Memoria oso fikziogile ona da»

Bere haurtzarora jauzi egin du Arantxa Urretabizkaiak. «Zuri-beltzeko argazkiak» ez da, ordea, bere haur garaiari buruzko eleberria. Ez da memoria liburua, baina memoria liburua da. 1947 eta 1960 arteko zenbait gertaera orrialdeetara daramatza emozioekin, baina ez intimitateekin.

Ama hil zitzaionean sentitu zuen Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) zerbait pertsonalagoa idazteko gogoa. Amari buruz idatzi nahi zituen guztiekin oharrak gorde zituen. Orain lau urte gertatu zen, «Hiru Mariak» ontzeko garai betean.

Lan hura bukatu arte itxaron behar izan zuen ohar haiek berriro irakurri eta zer egin nahi zuen erabakitzeko. Garai berean, Bernardo Atxagak eskatuta, «Erlea» aldizkarirako autobiografia laburra idatzi zuen. Eroso sentitu zen bere buruaz idazten. Forma ematen jarraitu zuen, hortaz; zer idatzi, zer fikzio eta zer benetako.

1947 eta 1960 urteen tarteari buruz aritzea erabaki zuen orduan Arantxa Urretabizkaiak. «Zuri-beltzeko argazkiak» (Pamiela) ez da izatez memoria liburu bat, baina memoria liburu bat da, funtsean. Emozioak bai, baina intimitaterik ez. Urretabizkaiak berak halaxe argitu zuen behintzat atzo, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egindako aurkezpenean.

Memoria kolektiboa da liburuaren hari nagusia, bere haurtzaroan gertatutakoa, zehazki. Hamahiru urte zituenera artekoak izan ditu hizpide. «Garai hartako gazteen haustura erakutsi nahi izan dut. Orduan ez genekien nerabe izatea zer zen, gaur egungo gurasoen ikara guztien iturburu den aldi hori», azpimarratu zuen.

Bere memoria izan da erabili duena, baina ez da gai zehatzetan murgildu, «ez nuen inoren bizitzan sartu nahi». Haurtzaroak, bere iritziz, pluraltasuna du oinarri eta, hortaz, inguruan zituen bizipenetan oinarritzeari uko egin dio, errespetu keinu gisa.

«Nire memoria bakarrik erabili dut idazteko. Ahizpari pasa nion liburua eta baziren biok gogoratzen genituen pasarteak, baina era desberdinetan. Fikziogile ona da memoria», ohartarazi zuen.

Nolanahi ere, argi zuen Urretabizkaiak ez zuela gauza zehatz batzuen gainean idatziko. «Gurasoak hil ziren, baina anai-arrebak bizirik daude», aitortu zuen. Hala ere, liburua lantzeko orduan barne borrokarik ez zuela izan ere onartu zuen.

Donostiarra da izatez Arantxa Urretabizkaia eta Gipuzkoako hiriburuan kokatu du, izan zen bezalaxe, bere haur garaia. Inguruak, pertsonaiak eta emozioak islatzen ditu aldi hartako «argazkiak» osatuz. Hondoan, frankismoa, Eliza eta euskararen gisako gaiak kokatu ditu.

«Album bat osatzen duenaren antzera, neu ere nire argazkiak jartzen joan naiz, egitura zehatz bati jarraipenik eman gabe», agertu zuen.

Hamahiru urtetan jarri du langa Urretabizkaiak. Eskola utzi arteko epea da liburuan biltzen dena. Denbora hartako bizimoduaz ere mintzatu zen, batez ere garai hartan euskaldun izateak esan nahi zuenaz. «Euskara etxean erabiltzeko tresna baino ez zen. Ez ziguten sekula esan eskolan euskaraz hitz egin ezin zitekeenik, baina bagenekien gazteleraz egin behar genuela. Gerora, -jarraitu zuen azalpenetan Urretabizkaiak- eskolako lagunekin topo egin eta behin baino gehiagotan konturatzen ginen euskaldun zaharrak ginela baina, ohituraz edo egoerak bultzatuta, ez genuela sekula hitzik ere esan».

Kontakizunen karga

Jose Angel Irigarai idazle eta editorea izan zuen aurkezpen lagun Urretabizkaiak. Poesian eman zituen bere lehen urratsak idazle donostiarrak eta ondoren, Irigarairen hitzetan, «gure letretan bide berri bat zabaldu zuen eleberria» kaleratu zuen.

Denbora asko igaro da «Zergatik panpox» (1979) hura kaleratu zuenetik, baina oraindik mantentzen duen «naturaltasuna» azpimarratu zuen editoreak. Kontakizunaren garrantzia izan zen letra larriz aipatu zuen beste alorretako bat. «Gertakizunei lotutako aferek karga handia dute, garai batean maila pertsonalean eta gizarte mailan bizi izan ziren egoeren erakusle baitira, familia langile, euskaltzale, abertzale eta errepresaliatu batetik begiratuta».

Irigarairen irudiko, istorioak «garai hartako Arantxa Urretabizkaia nerabeari uzten dio luma», modu «eraginkor baina apalean» idatzitako kontakizunari bide emateko.

Zuzenean esaten ez dituenak dira, bere iritziz, liburuari erakargarritasuna eransten dioten elementuak. «Lerro artean irakur daitekeen horretan ere gauza asko doaz», azpimarratu zuen.

Amak lan egiten zuen papertegiko erakusleihoa

Nerecan papertegiko erakusleihoa da «Zuri-beltzeko argazkiak» eleberriaren azala. Donostiako Askatasunaren etorbidean 20ko hamarkadan zabaldutako paper-denda famatua izan zen eta badu Urretabizkaiaren amarekin loturarik. 18 urte zituenetik erretiroa hartu arte bere lanpostua izan zuen han amak.

Erakusleihoko beiran iltzatutako luma da liburua ilustratzen duen argazkia. Benetako irudia da, bere garaian «New Yorkeko eskaparate apurtzaile bat izango balitz bezala», esan du Urretabizkaiak.

Jatorrizko irudiari argazki kamera zahar bat jartzeko agindu zuen idazleak, liburuarekiko atxikimendu handiagoa izan zezan. Ariane KAMIO

Argazkiak

Ez da bere haurtzaroari buruzko liburua, nahiz eta osagai nagusia den. Aldi hartan kokatutako tresnaz argazkiak hartu dizkio idazle donostiarrak iraganari, ordu hartako emozioak islatuz.