Gazteek beteranoen lekua hartuko dute
Bihar hasiko da Berezkoen Buruz Burukoa, eta aurten izen berri asko ikusi ahal izango dira; izan ere, oso denbora gutxian gazte asko pasa dira profesionaletara eta beterano ugari erretiratu dira.
Palomes, Goikoetxea, Saldubehere, Monze, Bilbao eta Lamour lehen aldiz arituko dira Buruz Buruko Txapelketa honetan, guztiak ere berriak baitira profesionaletan, eta aldiz, Larretxea, Sorhuet (goi mailako pilota utzi egin dutelako), Etxeto (min hartuta dagoelako) eta Ducassou I.a (amateurretara itzuli delako) ez dira arituko. Ia azken ordura arte Waltari ere zalantza izan da, baina azkenean parte hartuko du.
Ezkurra, Ducassou II.a, Waltari eta Harizmendi dira multzo buruak eta final-laurdenetan sartuko dira zuzenean. Txapela irabazteko faboritoak ere hemen daude, baina garbi dago, gauzak dauden bezala eta Superprestigioa kontuan hartuta, Battitte Ducassou izango dela txapela lortzeko faborito nagusia, une honetan besteak bere azpitik baitabiltza. Larralde gaztea ere ez da ahaztu behar, oso maila onean baitabil.
Buruz Buruko Txapelketa hau Ahurtin abiatuko da bihar arratsaldean. 18.00etan jokatuko da aurreneko norgehiagoka. Bi berri, Palomes eta Goikoetxea, izango dira aurrez aurre. Garaipena lortzen duenak Lazkanoren aurka jokatu beharko du urtarrilaren 10ean Saran. Palomesek eta Goikoetxeak lana amaitutakoan, Saldubehere eta Monze lehiatuko dira Ahurtin bertan, eta irabazten duenak Agirreren aurka jokatuko du Saran urtarrilaren 10ean.
Bigarren jardunaldia astelehenean jokatuko da Donibane Garazin, 16.00etan hasita. Elgart eta Jeannots arituko dira nor baino nor, eta irabazten duen pilotariak Lamourren aurka jokatuko du Donibane Garazin bertan urtarrilaren 12an.
Elgartek eta Jeannotsek eurena amaitutakoan Etxeberri eta Bilbao kantxaratuko dira, eta garaipena lortzen duen pilotariak urtarrilaren 12an Intxausperen aurka jokatu beharko du.
Ondoren, urtarrilaren 17an Baigorrin izango da jardunaldia, eta han jokatuko diren bi kanporaketetan Lanbert anaiak sartuko dira. Urtarrilaren 18an, Donapaleun jokatuko dira beste bi kanporaketa eta han Larralde eta Bonebeltxe agertuko dira. Final-laurdenak, urtarrilaren 23an Arrangoitzen abiatuko dira, eta han estreinatuko dira Ezkurra, egungo txapelduna, eta Ducassou II.a. Jarraipena, Armendaritzen izango du urtarrilaren 25ean, eta han, berriz, Harizmendiren eta Waltariren estreinaldia izango da.
Lehen finalerdia Arrangoitzen jokatuko da otsailaren 1ean, 11.30ean, eta otsailaren 2an, 17.00etan, Donibane Garazin jokatuko da bigarrena. Final handia, otsailaren 15ean jokatuko dute, eta azken urte hauetan jokatu den bezalaxe, Baionako Moderne trinketak hartuko du norgehiagoka.