Martxel Toledo Garmendia
Esait-eko sortzailea eta kidea
KOLABORAZIOA

Adiorik ez, eskerrik asko baino ez

Jarraitu beharra dago. Eta ez nazioarteari begira soilik, baita etxe barrura ere, zazpi herrialdeak kontuan hartuko dituen kirol egiturarik gabe gaudelako; beraz, zentzu horretan egitura nazionalak sortzea beharrezkoa da; alegia, zazpiak bat filosofiarekin

Hamazortzi urte luze pasa badira ere, atzo izan balitz bezala gogoratzen dut guztia. 1996ko ekainaren 26a zen, asteartea, eta Donostiako Kirol Etxean, ETB, Euskadi Irratia, Herri Irratia, «Diario Vasco», «El Mundo», «Egin» eta «Euskaldunon Egunkaria»-ko kirol kazetariak aritu ziren solasean. Horrela aurkeztu zuen gure moderatzaileak mahai ingurua: «Euskaldunak izanik, geure selekzioarekiko euskal sentimenduak bultzatu gaitu horrelako talde bat osatzera. Gaurko mahai inguru hau antolatzen dugun lehenengoa da eta espero dugu, guztion laguntzarekin, azkenekoa ez izatea. Euskal Herrian kirola jorratzen duten euskal kazetari batzuen iritzia kaleratzeak eduki dezakeen garrantzia ikusita, animatu gara, gure lehen urrats bezala, mahai inguru hau antolatzera. Mila esker eta ongi etorriak». Esaiten sorrera publikoaz ari natzaizue. Begi bistakoa da, ekitaldi hura, hamazortzi urte hauetan egindako bidearen hasiera baino ez zela izan.

Lehen urteetan, batik bat, iritzia sortzen ibili ginen herriz herri, hitzaldiak, mahai inguruak eta horrelakoak antolatuz. Tartean, 98ko ekainean hain zuzen, Euskadiko Kirol Legea onartu ahal izateko, EAJ, EA, Herri Batasuna eta Ezker Batua alderdiekin harremanetan egotea eta sukaldeko lana egitea egokitu zitzaigun. Oraindik buruan daukat kirol legea onartu ondoren, aipatu alderdi horien ordezkariekin emandako prentsaurrekoa eta elkarrekin gure kamisetak jantzita ateratako argazki bitxi hark Espainia aldean sortu zuen ezinegona. Lehen aldia zen PNVk eta HBk Gasteizko Parlamentuan elkartuta bozkatzen zutela. Horrela zihoen «La Vanguardia» egunkariak portadan «PNV y HB se unen para votar la independencia deportiva vasca». Eta beste batek, «ETA entra en las instituciones vascas con la excusa del deporte». Beste egunkari espainiar batzuetan ere antzeko tratamendua eman zioten notiziari. Beste denbora batzuk ziren.

Handik aurrera, ekimen sendoagoak eta indartsuagoak antolatzea erabaki genuen, besteak beste, euskal selekzioaren aldeko eguna, astebeteko mendi martxa, Bilboko herri lasterketa, Tourreko irteera, Iratiko zikloturista proba eta azkeneko bi urte hauetan, Leitzako mendi lasterketa. Elkarte batzuen laguntzarekin eta batik bat kirol txikietan, euskal herriko txapelketa batzuk ere antolatu izan ditugu.

Nazioartean ere egon da Esait, besteak beste, Italian Giro Della Dolomit zikloturista proban parte hartzen, Londreseko euskal etxean hitzaldia ematen, Bartzelonan eta Venezuelan, futbol selekzioari babesa ematen, Vienan Europako futbol txapelketan aldarrikapena egiten, Madrilgo Kongresuan Katalunia eta Galiziako plataformekin batera antolatutako ekimenen agerraldian edota, San Frantziskon (AEB), 2007. urtean jokatu zen nazioarteko pilota txapelketan. Bestalde, hainbat urteren ondoren Espainiako itzulia Euskal Herrira ekartzea edota 2020ko Eurokopa Bilbon antolatzeak sortutako egonezinaren aurrean, instituzio eta kale mailan, hainbat ekimen antolatu ditugu.

Horretaz gain, ekimen propioak eta zeresan handikoak ere antolatu dira, besteak beste, 2008 eta 2009an EH-Katalunia, EH-Espainia edota EH-Frantzia kick boxing selekzioen arteko neurketak. Edota, futbolean, 2012an Anoetan EHKirolak eta Kontseiluarekin batera antolatutako nesken arteko EH-Eslovaquia selekzioen partidua. Mobilizazio arloan ere dozenaka antolatu ditugu.

Beraz, hamazortzi urte hauetan, aldarrikapena lau haizetara zabaltzen saiatu garela esan dezakegu. Eta irudipena da, egun, euskal gizartearen gehiengo handi batek, bat egiten duela euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldarrikapenarekin. Eta ez dut esan nahi Esaiti esker soilik izan denik, baina neurri handi batean, Esaitek bultzatutako dinamikaren ondorio bai.

Baina tamalez egin dena ez da nahikoa izan ofizialtasuna lortzeko eta salbuespen gutxi batzuk kenduta, besteak beste, sokatira, sega, areto futbola, surf kaiak, body board, wushu kunfu eta borrokako beste modalitate txiki batzuk, berdin jarraitzen dugu, alegia, nazio gisa ofizialki aritzeko Espainia edo Frantziarekin aritu beharrean aurkitzen dira euskal kirolariak. Horregatik, jarraitu beharra dago. Eta ez nazioarteari begira soilik, baita etxe barrura ere, zazpi herrialdeak kontuan hartuko dituen kirol egiturarik gabe gaudelako; beraz, zentzu horretan egitura nazionalak sortzea beharrezkoa da, alegia, zazpiak bat filosofiarekin, zatiketak alde batera utzita, el- karrekin aritzeko garaia da, denok osatzen dugu Euskal Herria.

Baina hainbeste urte igaro ondoren, zertara datorren orain azalpen luze hau ematea galdetuko duzue. Esaiten apologia egiteko agian? edo zertara bestela. Hamazortzi urteko ibilbide luze baten azalpen nostalgikoa egiteko izan daiteke nik eman dezakedan erantzun interesatua. Baina, auskalo, batek daki!

Herritarrek bultzatuta eta Jauzia izenarekin, ekimen berri bat sortu da eta dagoeneko lehen urratsak egiten hasiak dira. Igandean, euskal selekzioak San Mamesen jokatu zuen partiduaren harira, «One Country, one Team» lelopean hainbat ekimen antolatu zituzten, besteak beste, kirolarien desfile bat Moyua plazatik San Mames ingururaino. Ez dago zalantzarik bidea luzea eta neketsua izango dela, orain artekoa izan den bezala, baina aurrera egiteko ilusioa eta determinazioa dagoen bitartean, ez dut zalantzarik, beste hainbat gauzatan bezala, bidea egitea badagoela, argi baitut euskal selekzioaren ofizialtasuna ere, neurri handi batean, guztion esku dagoela. Beraz, ongi etorriak eta zorte on! Hori bai, guztion babesa beharko dela uste dut, nazioartean eta batik bat Espainia eta Frantziako agintariek euskal selekzioaren ofizialtasuna onartzeko jarritako estrabea edo listoia oso goian dagoelako; alegia, onarpena lortzeko jauzi handia egin beharko delako. Ea ba guztion bultzadekin, aurrera egiteko gaitasuna dagoen eta, akatsetatik ikasita, 18 urte hauetan pilatutako esperientziak zerbaitetarako balio izaten duen. Ea ba hitz ponpoxo eta potoloetatik haratago, benetako jauzia egiten dugun. Beraz, adiorik ez, eskerrik asko baino ez.