J.L.

Gazteek beteranoen lekua hartuko dute

Binakako Urrezko Aizkorak, Lehen Mailan, datozen egunetan bi jardunaldi izango ditu. Aurrenekoa, bihar bertan Debako pilotalekuan, eta bestea, asteartean Elorrioko Gazeta auzoan.

Debako zita ere urterokoa bihurtzen ari da, eta 12.00etan oso modan dauden aizkolariak ikusteko parada izango da. Alde batetik, Atutxa II.a eta Mugertza II.a izango dira txapela irabazteko faborito nagusiak, eta, bestetik, Mikel Larrañaga eta Ruben Saralegi arituko dira nor baino nor.

Lau aizkolari gazte, eta seguruenik jende asko batuko da saioa bertatik bertara ikusteko asmoz. Denboraldi bikaina izan da lau aizkolarientzat, eta denak Lehen Mailan arituko dira aurten.

Aitzol Atutxak dena irabazi du aurten, eta egungo Euskal Herriko aizkolaririk onenetakoa da. Berak jantzi du Euskal Herriko txapela ere. Bizkaian, aldiz, ez dauka parekorik, eta aurkariak oso aparte dauzka. Ugaitz Mugertzak ere denboraldi handia egin du, eta Gipuzkoako Bigarren Mailakoa irabazteaz gain, Euskal Herrikoan bigarren geratu zen, eta bietan arituko da onenekin.

Aurrean izango dituztenak ere ez dira edonolakoak. Mikel Larrañaga sekulako sasoian dago. Gipuzkoako Lehen Mailako txapela irabazi du, baita Euskal Herriko Bigarren Mailakoa ere, eta orain dela hilabete baita Eneko Otañoren aurkako apustua ere. Eneko Saralegi ere Nafarroako maila nagusian oso kontuan hartu beharreko aizkolaria bihurtu da, eta Euskal Herrikoan ere laster hasi behar du finaletan burua sartzen, nahiz eta oraindik oso gaztea den.

Beraz, horiek lanean ikusteko aukera ederra da, eta jendeak ere gazteak ikusi nahi dituenez, galdu ezinezko zita horietako bat da. Garaipena lortzea oso garrantzitsua izango da, baina ez dirudi lehia iraupen proba baino lehen erabakiko denik. Atutxak eta Mugertzak eskarmentu handia dute eta hori aldekoa izan daiteke. Biharko irabazleak finalerdiak jokatzeko txartela eskuratuko du, eta galtzen duenak urtarrilaren 25ean Rekondoren eta Erasunen aurka jokatu beharko du.

Gazetan

Elorrioko Gazeta auzoan izango da astearteko hitzordua, eta han ere maila nagusikoak arituko dira lanean. 12.00etan hasiko da ekinaldia eta Donato eta Oihan Larretxea Kañamares III.aren eta Jauregiren aurka neurtuko dira.

Jauregi eta Kañamares III.a garaipen bat lortuta helduko dira saio honetara, eta hori beti garrantzitsua izaten da. Larretxeatarrek, aldiz, orain arte ez dute saiorik jokatu, eta hori arriskutsua izan ohi da. Hala ere, aita eta semea ongi moldatzen dira, eta Donatok lantegi hauetan asko egiten du oraindik.

Jauregik eta Kañamaresek ere oso itxura ona eman zuten jokatu zuten neurketan, eta ongi irabazi zieten Lopezi eta Mieltxo Mindegiari. Saio honetan ere nekez erabakiko da lehia iraupen probara arte. Dena dela, Larretxea maisua da zutikako enborrak mozten, eta horrelako bi izango direnez, horrekin min egin dezake.

Irabazten duenak finalerdiak jokatzeko txartela eskuratuko du, eta galtzen duenak, berriz, beste neurketa bat jokatu beharko du, Olasagastiren eta Etxeberriaren aurka, hain zuzen.

Asteburu honetan Bigarren Mailan ez da jardunaldirik izango, eta urtarrilaren 11n Beizaman jokatuko den saioarekin itzuliko da.