Zabor edukiontzia birziklatzera
Azken urteetan Euskal Herriko zenbait herritan, batez ere Gipuzkoan, hondakinen kudeaketan aldaketa handiak egin dira. «Zer egin sortutako zaborrarekin?» galderari erantzuten dion paradigmatik, «zer egin zaborrik ez sortzeko?» galderan oinarritutako paradigmara igaro gara. Zero Zabor eredurako trantsizio horretan sakoneko aldaketak egin dira, besteak beste, hondakinen bilketan.
Azken hilabeteotan Zero Zabor ingurumen babeserako elkarteak aurrera eraman duen kanpainaren izenburua da «Zabor edukiontzia birziklatzera». Zabor edukiontziak sinbolikoki zigilatuz azken hilabeteotan hainbat herritan burutu dugun kanpaina honek bi xede nagusi izan ditu. Batetik, zabor edukiontzia kalean jartzean arduradun politikoek ematen duten mezuarekiko dakarren koherentzia eza agerian uztea; eta bestetik, elementu hori kentzeak gaikako bilketaren emaitzan daukan eragin positiboa azpimarratzea.
Arduradunen diskurtsoa aztertzen badugu, begi bistakoa da koherentzia eza. Hondakinen kudeaketaz ezer gutxi dakienak ere badaki materialak nahastean zaborra sortzen dela eta materialak alferrik galtzen direla, arazoak sortuz. Zabor edukiontziak mota guztietako materialak nahasian biltzeko bitartekoak dira. Edozer onartzen dute eta gauzak bertara botatzea errazteko diseinatuta daude: aho zabala, irekitzen laguntzeko palanka... Zabor edukiontziak «hor» egotera ohitu bagara ere, «hor» egotea hautu politikoa da, norbaitek hala erabakia. Zaborra sortzeko besterik balio ez duten edukiontzi horiek diru publikoz ordaintzen dira. Ze zentzu du ahalegin ekonomiko bat egiteak, zertarako eta arazo bat sortzeko bada? Noiz hautsi behar dugu zentzurik gabeko inertzia hori?
Bigarren xedea zabor edukiontzia kentzean lortzen diren emaitza onak nabarmentzea da. Zabor edukiontzia kalean jartzeak mezuan koherentzia eza dakarren bezala, maila praktikoan porrota dakar. Zabor edukiontzia baztertuz abian jarri diren bilketa sistemek oso emaitza onak eman dituzte gaurdaino. Euskal Herrian eta gure inguruko herrialdeetan hondakinen gaikako bilketa maila negargarria da orokorrean. Gaur egun sortzen ditugun hondakinen %90-95 birziklagarria den arren, %20 eta %45 artean bakarrik biltzen da gaika kasurik gehienetan. Gainerako material guztia nahasi eta zabor bihurtzen dugu. Zabor edukiontzia kenduz aurrera eramandako esperientzietan, %70 eta %95 arteko gaikako bilketa lortzen ari da. Esperientziak frogatu digu oso zabor edo errefus gutxi geratzen dela nahasian biltzeko aukera ematen duen ontzia kentzen denean.
Azken urteetan Euskal Herriko zenbait herritan, batez ere Gipuzkoan, hondakinen kudeaketan aldaketa handiak egin dira. «Zer egin sortutako zaborrarekin?» galderari erantzuten dion paradigmatik, «zer egin zaborrik ez sortzeko?» galderan oinarritutako paradigmara igaro gara. Zero Zabor eredurako trantsizio horretan sakoneko aldaketak egin dira, besteak beste, hondakinen bilketan. Horrek ekarri duen ekaitz politiko/mediatikoa ezaguna da gehienontzat, eta tartean joko zikin eta gezur asko izan badira ere, eztabaida guztiek bezala, bere alde ona izan du, eta honek bere fruituak ekarri ditu.
Gaikako bilketa eraginkorra lortzeko bitartekoa, hau da, bilketa sistema, herri, egoera eta baldintza zehatz bakoitzera ahalik eta ondoen egokitu behar izan da. Horrek, duela gutxiko eztabaida, atez atekoa eta 5. edukiontzi bezala ezaguna den sistemaren artekoa, gainditu eta desblokeatzeko aukera eman du. Gaikako bilketan gutxieneko helburuak lortu ez dituzten herrietan badute zer aukeratu, eta beharrezkoa izanez gero, badute zer galdetu. Atez ateko ohiko bilketa zerbitzuari, bi ataleko (organikoa eta errefusa) eta atal bateko (errefusa) sistema mistoak, herri txikietako bilketa pertsonalizatu ereduak, eta, azkenaldian, errefus mugatuko edukiontzi bidezko sistemak gehitu zaizkio gaikako bilketa eraginkorra lortzeko bide egingarrien zerrendara. Sistema horiek denek arrakasta lortzeko balio izan dute, eta haien ezaugarri komuna zabor edukiontzia baztertu izana da.
Ekain aldera kanpaina diseinatu eta abiatu genuenetik, kanpainan emandako mezua berretsi, eta are eta gehiago aberastu duten kasu berriak ezagutu ditugu. Horien artean daude Azkoitikoa, zabor edukiontzia kendu eta errefusa modu pertsonalizatuan jasoz %40 gaika biltzetik %80ra iritsi den 11.000 biztanleko herria, edota, ia 20.000 biztanle dituen Tolosako kasua, zabor edukiontziak kendu, eta organikoa eta errefusa biltzeko txip bidez mugatutako edukiontziak jartzearekin, %26 gaika biltzetik %70eko bilketa langa gainditzera iritsi dena.
Gero eta karta gehiago dago gaikako bilketarako barajan. Gero eta aitzakia gutxiago jar dezakete agintariek beraien betebeharra dena egiteko, zaborra sortzea eragozteko. Guk ez diegu esango zein sistema aukeratu, haiek erabaki dezatela zein egokitzen den ondoen, guk herritarren osasuna eta ingurumena babestea haien betebeharra dela gogoraraziko diegu, eta horretarako, materialak gaika biltzea ezinbestekoa dela. Beste aldera begiratu eta aitzakiatan aritzeko garaia pasatu da.