Mikel Albisu Iriarte, Mikel Karrera Sarobe (*)
Euskal gudariak
KOLABORAZIOA

Josu Uribetxebarriaren omenez

Zer esango geniokeen aurrez aurre bagenu, hor bageunde zuekin batera? Hitzerditan ulertarazitakoa, harro geundela berarekin, bere indarra gugana helaraztea nola eskertu ez genekiela

Hainbat kartzelatan gintuzten Eperrak Donostiako ospitalean gose-grebari ekin zionean. Kolektiboa sakon markatu duen gertaera izan zen hura. Réauko kartzelan elkartu eta Josuri buruz aritu izan garenean, irribarre goxo batekin eta harrotasunez aipatu izan dugu borrokaldi hura. Kolektiboak, aurre kontsignarik gabe, batera erantzun zion Eperra babesteko ekimenari. Berdin du zenbat gose-greba egun edo bestelako zein ekimen egin zuen bakoitzak.

Aspaldian sakabanatuta ez ezik, noraezean ere zebilen Kolektiboa iratzartzeko gaitasuna izan zuen Josuk.

Azken urteotan, telefonoz solasaldiak izan ditugu berarekin Réauko kartzelan gauzkaten presook (orain bost, lehen sei). Telefonoa esegi eta behin baino gehiagotan, eta batez ere azkenaldian, bihotzean genuena esateko ezinean ibili garela aitortu diogu elkarri.

Zer esango geniokeen aurrez aurre bagenu, hor bageunde zuekin batera? Hitzerditan ulertarazitakoa, harro geundela berarekin, bere indarra gugana helaraztea nola eskertu ez genekiela, ohore bat dela guretzat erakunde berean borrokan aritu izana.

Berezkoa omen dugu dena aldatzeko joera baztergaitza. Neurria eta hierarkia jartzen diegu gauzei bezala pertsonei eta sentimenduei. Ez dakigu norbera den bezala hartzen eta onartzen. Josuk zuen guztia eman du Euskal Herriaren alde Euskadi Ta Askatasuna erakundean boluntario borrokatzeko hautua eginez. Batzuek, agian, egitate hori atzendu, mozorrotu edo ukatu ere nahiko dute. Gure herria oraindik ez baita aske. Baina hori egitea Josu bigarrenez hiltzea litzateke.

«Soldadutxo bat naz», esaten zuen Eperrak. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan denok gara Josu lez soldadutxo, eta bera bezalako asko behar dira oraindik ere.

Agur eta ohore!

(*) Mikel Albisu Iriarte eta Mikel Karrera Sarobe Réauko kartzelan dituzte preso. Handik bidalitako idatzi hau, beraietaz gainera, halaber Réuko kartzelan diren honako euskal presook ere sinatzen dute: Maixol Iparragirre Guenetxea, Alberto Lopez de Lacalle eta Mertxe Txibite Berangok