Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Losintxak eta piropoak

Kuriosoa da: hiztegian gaztelaniazko piropo berbaren euskal ordaina bilatuz gero, (Elhuyar hiztegian, behintzat), «hitz eder/goxo» ageri da, besterik ez. Zarauzko festetan duela zenbait urte antolatzen zen txapelketa bat gogoan, Losintxen Lehiaketa, lehenbiziko hitzaren esanahia bilatu dut: halago, lisonja, alabanza. «Bada, horixe, betiko piropoa», pentsatuko duzue batek baino gehiagok.

Neuk, ordea, ez ditut berdin ulertzen. Hau da, litekeena da esanahi aldetik gauza bera izatea guztiak; denek ematea aditzera beste pertsona bati zuzendutako zer edo zer polita edo positiboa dela, haren itxurarekin edo jokabidearekin edo biekin lotuta egon daitekeena. Gizonezkoek, lan- eta kirol-munduan bereziki, losintxa ugari jaso ohi dituzte beren lorpen ekonomikoekin edo prestigioarekin edo gorentasunarekin erlazionatuak, gehienetan. Gustura entzuten dituzte, merezi dituztelako, beraien ahaleginaren eta sufrimenduaren eta ausardiaren ordaina eta aitorpena direlako. Onak, positiboak, goxoak, ederrak izaten dira norberaren belarrietarako eta autoestimurako, zelan ez. Emakumeok ere jasotzen ditugu, baina aipatu esparru bietan tarteka-marteka; gizonekin alderatuta, nekez. Geuretzat gehiago dira bestelakoak, esparru pribatuarekin lotuagoak; eta, ezbairik gabe, sexu femeninoarengandik bereizezinak, gorputzari eta itxurari dagozkionak; alegia, piropoak. Baliteke gertukoengandik -fisikoki ez, baizik eta senide, lagun edota bikotekidearengandik- entzuten ditugunak hitz eder eta goxotzat jotzea, gizon nahiz emakumeok; ezezagunek esandakoak, bat-batean, edonon, edonoiz, edozein egoeratan eta tokitan... nekez iruditzen zaizkigu, emakumeok hartzaile nagusi, hitz eder/goxo, losintxa edo, sinonimoa, lausengu. Bide batez, gaztelaniaz ere ez, ez dira izan ohi halago, lisonja, alabanza. Alderantziz, gehienetan desegokiak, lekuz kanpokoak, inbaditzaileak, amorragarriak edo, zuzenean, higuingarriak deritzegu. Izan ere, botatakoak asmo oneko edo polit samarrak izan arren, egonezina sortzen zaigu barruan munduak zein matxista jarraitzen duen konturatzean; jakinaren gainean azienda edo haragi fresko ibiltariak garela gizon askoren begiradan.

Hitzetik hortzera ibili da kontua New Yorken grabaturiko bideo haren ondorioz; nolabait, eztabaida-edo eragin du eta hitza hartu dugu bai emakumeok -adierazteko badagoela alderik lausenguaren eta piropoaren artean-, bai gizonek -hartu dutenek egin dute esateko paranoiko bihurtzen ari garela sexismoaren harira eta sekulako txorakeria iruditzen zaiela hau guztia, emakumeok barrutik irrikan egoten garela ziur-. Nago, sexismoaren isla nabarmena izateaz gain, hori guztia baino errazagoa ere badela: edukazio kontua, besterik gabe. Zer dela-eta jasan behar ditugu, guztiok, bizitzaren beste hainbeste esparrutan lotsagabeak eta gaizki hezitakoak; antzarak ferratzera bidaltzen ditugu, lasai asko. Hortaz, zer dela-eta hainbeste erremin emakumeok ozenki diogunean ezezagunen (eta zenbait ezagunen) aldetiko adierazpen «politak» (betiere nolabaiteko sexu-konnotazioz) sobera ditugula.