Haur surflaria
Haurra surflaria izango dela zabaldu dute, umea osorik aterako den edo surf zalea izango den aurrez jakiterik ez badago ere. Beraz, haur baino lehenago izango da surflari. Orokorrean panorama zein den ikusita, zera esango nuke, oso- osorik, gizakien burujabetzaren kontrako eragile nagusia gurasoak direla edo izan daitezkeela. Zorte on beraz, «haur surflari»!
Bethamy Hamilton eta Adam Dirks «haur surflari» baten esperoan omen dira. Horrela zabaldu dute albistea berri agentziek. Ez dakit nik benetan garrantzitsuak diren halako albisteak, ezta albiste ote diren ere, baina mota honetako berriak igortzeko modua zinez interesgarria iruditzen zait.
Marrazo batek besoa ebatsi zion Bethanyren istorioa ezaguna da. Askotan idatzi dut borondate oneko hiritar honen gainean. Azkenekoan, Obama aberri kideak otoi-gosarira gonbidatu zuenean egin zuen hitzaldia nuen hizpide. Tira, betikoa, haien eskuekin inor garbitu behar ez duten kontzientzia aratzeko hiritarren berbaldi ohikoa, gaiztoak eta zintzoak, ona eta txarra, ondo eta gaizki, bakea eta amodioa...
Bost hilabete egin ditu haurdun Bethanyk, eta hala ere Pipelinen eta Teahupoon surf egiten izan da. Bere web orrian itsatsi duen bideo batekin zabaldu du berria. «Sorpresa bat eman behar dizuet...» esanda hasten da, eta gero, haurrarentzako zein izen xerkatzen duten, surfa utzi eta igeri egin beharko duela eta antzekoak aipatzen ditu.
Haurra surflaria izango dela komunikabideek esan dute, umea osorik aterako den edo surf zalea izango den aurrez jakiterik ez badago ere. Gauza bat dago argi, haur baino lehenago izango da surflari ume hori.
Ez dut ulertzen jendeak haurrak zertarako egiten dituen, baina tira, jendeak haurrak izaten ditu, eta gizonekin gainera. Emakumeen kasuan, ulertzen ez dudan arren, «uler dezaket», naturak emandako zerbait baitute, baina gizonen kasua bestelakoa da, beste zerbait da...
Hogei urtetan lan egin dudan surf eskolako ikasleen gurasoekin izan dudan esperientzia oinarri hartuta, ondorio bat atera dut sarri; guraso izateko azterketa moduko bat egin beharko litzatekeela, edo antzeko zerbait. Amei zer dagokien ez noa esatera, nahikoa badute jainkoak ezarri zien gurutze horrekin, baina aiten kasua aztertzekoa da, nola inoiz ganorazko ezer egiteko gai izan ez diren morroiek beren seme-alabekin «zerbait» egin nahi izaten duten. Lehen gai izan ez bazarete, orain gutxiago, eta hirugarrengoen bitartez bada, are eta okerrago, zeren zuen porrota bikoitza izango da.
Karl Kraus poeta austriarrak esaten zuen gurasoek guztia egiten duten kasuetan seme-alabei dagokiela eraikitakoa eraistea. Agian Bethanyren semetxoa surflaria izango da, baina agian ez... Errefrauak zera dio: «Jainkoak umerik ematen ez dionari, ilobak ematen dizkio», eta egia da, haurrik nahi ez dugunok besteenak pairatu behar izaten ditugu.
Clarence S. Darrow abokatu estatubatuarrak, berriz, zera esaten zuen: «Gure biziaren erdia gurasoek izorratzen digute, eta beste erdia seme-alabek». Nik zera esango nuke, nire gurasoek eman didaten heziketarekin ezin kontentago banago ere, orokorrean panorama zein den ikusita, oso-osorik, gizakien burujabetzaren kontrako eragile nagusia gurasoak direla edo izan daitezkeela. Zorte on, beraz, «haur surflari»!