J.L.
Bigarren maila

Gazteek hartu dute abiada eta Azpeitian izateko lehen pausoa eman dute

Alkizalete II.ak eta Alberdik eta Rodriguez II.ak eta Irazabalek lortu zituzten atzo Leitzan Bigarren Mailako finalerdietan sartzeko azkeneko bi txartelak.

Aurreneko kanporaketan, Alkizaletek eta Alberdik lortu zuten garaipena, eta sekulako aldearekin, gainera. Hasieratik bukaerara izan ziren aurretik, baina iraupen proban erabaki behar izan zuten. Bigarren sailkatu ziren Xabier Zalduari eta Xabier Dorronsorori minutu eta erdi pasatxoko aldea kendu zieten, eta gainerakoei, berriz, bi minututik gorakoak.

Lan guztiak burutzeko, 11 minutu eta 3 segundo behar izan zituzten Alkizaletek eta Alberdik. 12 minutu eta 44 segundo Zalduak eta Dorronsorok, 13 minutu eta 43 segundo Toledanok eta Trillak, eta 14 minutu eta 42 segundo Erdoziak eta Beltzak.

Estuago

Bigarren finalerdia estuagoa izan zen, baina hor Rodriguez II.ak eta Irazabalek lortu zuten garaipena, eta 24 segundoko tartea bakarrik kendu zien Mindegiari eta Etxeberria II.ari. Hortik atzerako aldeak ere ez ziren ikaragarriak izan, batez ere lehen kanporaketarekin alderatzen baldin badira.

Aurreko kanporaketan iraupen proba erabakigarria izan baldin bazen, oraingoan oso erregularrak izan ziren irabazleak. 10 minutu eta 44 segundo izan zen Irazabalen eta Rodriguez II.aren denbora. 11.08, berriz, Mieltxo Mindegiarena eta Etxeberria II.arena. 11 minutu eta 31 segundo Zubiagarena eta Kintanarena, eta 13.15 Pellejerorena eta Telletxearena.