Andoni ARABAOALAZA
KIROL ESKALADA 9b/+ zailltasuneko proposamena

Chris Sharmak muturreko beste bide bat aurkeztu du «El bon combat»-ekin

Katalunian bizi den estatubatuarrak 9b/+ zailtasuna proposatu du pasa den hilak 7an Bartzelonako Cova de l'ocell gunean kateatutako bidearentzat. Sharmak zortzi hilabete behar izan ditu guztira bidea sinatzeko.

Orain arte 9b gradutik gorako lau bide zeuden mundu zabalean: «Change» (9b+, Flatanger), «La dura dura» (9b+, Oliana), «Vasil Vasil» (9b+, Sloup) eta «Move» (9b/+, Flatanger). Guztietan ala guztietan, gainera, soilik bi protagonista: Adam Ondra eta Chris Sharma. Bada, laukote horri beste bat gehitu zaio: «El bon combat» (9b/+, Cova de l´Ocell). Hori dio behintzat Sharmak marra hori kateatu ondoren; pasa den hilak 7an, hain zuzen ere.

Katalunian bizi den estatubatuarrak zortzi hilabeteko lan eskerga behar izan du Bartzelonatik gertu dagoen eskalada eremu horretako muturreko proposamen berria sinatu ahal izateko. Muturreko beste xede batzuetan ez bezala, oraingo honetan Sharmak beste ekipatzaile baten sormen lanean jardun du. Pertsona hori Marti Iglesias da, ingurumari hartako ekipatzaile emankorrenetarikoa: «Entzuna nuen Martik muturreko bide bat ekipatu zuela, eta, hura ikusi nuenean, aitortu behar dut erabat erakarri ninduela. Bazirudien eskalatzaile batentzat espresuki diseinatutako marra bat zela, forma ezberdinekin eta gora egiteko bide bat bilatzeko oztopo askorekin. Horrek guztiak, jakina, ahalegin oso-oso handia exijitzen du; %200ekoa gutxienez».

Zortzi hilabete