Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Obedientzia

Gizakiaren historian bada, salbuespen gune eta une batzuekin, konstantea eta unibertsala den joera bat: gero eta giza talde handiagoetan antolatzea.

Etxetik NBErako bide bezala laburbil genezake. Norbanakoak, taldean antolatzean, onurak jasotzen ditu: eraginkortasun, segurtasun eta babesa, nagusiki. Trukean bere askatasunari uko egiten dio, leku eta garaiaren arabera neurri batean edo bestean. Hau da hitzarmena: taldearen babesa obedientzia maila baten truke.

«Konforme nago baina ezin onar nezake publikoki» esaldi ospetsua askatasun galera hitzartuaren alderdirik ilunenaren adibidea da. Pentsamendu askatasuna da taldeak kohesioaren izenean eskatzen duen lehen ordainketa.

Bide horren amaieran konfluentzia dago, edo ideia propiorik izan nahi ez izatea. Esaera zahar eskandinaviarrak dioen lez: «Boterea bere bila makurtzen denak jaso ohi du».

Datismoak, Sillicon Valleyn sortutako erlijio berriak, metatze prozesu historiko hori gero eta datu eta informazio gehiago kudeatzeko beharrizana printzipio natural eta unibertsal legez ulertuta azaltzen du. Historiaren helburua, beraz, gero eta informazio gehiago kudeatzeko bitartekoak sortzea da. Askatasuna, ostera, esangurarik bako kontzeptu erromantikoa omen, «hobe beharrezko» sumisioa onartzeko askatasuna ere askatasuna ei delako.

Bilboko jaietan, Hontzak konpartsaren irudiaren polemikaren harira, ezkerraren izenean Rafa Larreinak egindako aldarrikapenak, behin Pako Garmendia zenari Zumaiako labarretako bere etxean entzundako hitzak gogoratu zizkidan: Batzar Nagusietan elizgizonek ez zeukaten ez hitz eta ez boto eskubiderik, herriaren gainetik elizari zor ziotelako obedientzia.

Zaila da jakitea, pertsona batek erlijio erakundeekin hartu-eman estua duenean, zein puntutaraino den askea herritarron ordezkari izateko. Are gehiago, sare sozialek guztiok bozeramaile bihurtu gaituzten sasoiotan.

Ni, pertsonalki, zuhaizpean elkartzen ziren arbasoen iritzi berekoa naiz.