GARA
DONOSTIA

Karena: «Planifikatu gabeko bide bat izan da, natural etorri da une bakoitza»

Karena taldeak «Loak irauteko» izeneko estreinako lana kaleratu zuen martxoaren amaieran. NAIZ Irratiko «Bigarren Kafea» saiora hurbildu dira haien lan berria aurkeztera. Irratiko estudioetan izan dira Irati Jauregi, Irati Gardoki eta Andoni Zabalo taldekideak, eta agur berezi bat ere helarazi nahi izan diete bertaratu gabeko Beñat Kamio eta Xabi Elizegi lagunei.

Karena taldeko kideak «Bigarren kafea» saioan izan dira berriki.
Karena taldeko kideak «Bigarren kafea» saioan izan dira berriki. (GARA)

Duela egun batzuk “Loak irauteko” diskoa zuzenean aurkeztu zuen Karenak, eta argitalpenaren eta kontzertuaren ondoko ezinegonak baretu ote diren galdetu die taldekideei NAIZ Irratiko “Bigarren Kafea” saioak. «Diskoa aurkeztu genuenetik tentsio prozesu bat izan dugu Antzuolako lehenengo kontzertura arte. Baina baretu da jada. Gustura geratu gara. Oraindik aje emozionala daukagu akaso. Orain hasi gara diskoa pixka bat bizitzen».

Duela bi urte sortu zuten taldea, eta elkar ezagutza baten emaitza izan zela aitortu dute. Bideak ekarritako prozesuan irribarre asko bildu dituzte, eta mugarri txiki horiek zeintzuk izan diren galdetutakoan, hauxe haien erantzuna. «Irati eta biok ezagutu genuen lehenengo. Kafe bat hartzeko geratu eta handik hasi zen dena, Antzuolan egindako lehen kontzertua, Andoni batu zenekoa, diskoa sortzen hasi ginenekoa».

Hasieran bertsioak egin zituzten, baina pixkanaka piztu zitzaien beren abestiak sortzeko eta bidea egiteko nahia: «‘Latrinalia’ kantua izan zen lehena. Emozionatu egin ginen hura egitean, hori izan zen mugarri berezi bat. Kantu hori komunera joan eta hango atea guztiz pintatuta ikusi nuenean otu zitzaigun; asteburu batean bildu ginen eta hortxe ekin genion».

Bidean Andoni Zabalo ere batu zitzaien Irati Jauregiri eta Irati Gardokiri. «Kontzertuan ezagutu nituen Antzuolan. Familia loturak ere baditugu. Kontzertu baterako zen baina harrapatu ninduten», azaldu du Zabalok.

Pausoak mantso baina geratu gabe eman ditu Karenak, naturaltasunez eta haien buruei presiorik egin gabe. «Pixkanaka, plana egitea zen lehentasuna: bertsio batzuk, kontzertuak, Iker Laurobarekin grabatu genuen abesti txiki bat... Planifikatu gabeko bide bat izan da, naturala, halaxe etorri da une bakoitza».

Bat-batekotasuna bai, baina musika bidean estilo bati heldu nahi ote zioten? Folk goxo hori berezko helburua ote zen? «Uste dut bi Iratien gustuak oso antzekoak direla. Bertsioek ere mundu horretara eraman gintuzten, eta horretara bideratu da sorkuntza».

Zazpi kantuz osatutako lan hau plazaratzeko bidean Iker Laurobarekin aritu dira grabaketa lanetan, baita abestien prestaketa lanetan ere. Estudioko esperientziaren inguruan nola bizi izan duten galdetu die Bigarren Kafea saioak. «Guretzat sekulako esperientzia izan da. Gure ideiak eramaten genituen, baina kantuak itxi gabe eta zalantzekin. Berarekin asko konektatu genuen eta asko lagundu digu instrumentazioarekin, kantak hain huts ez uzten».

«Diskoa bidaiatxo bat bezala ikusi genuen. Zazpi kantuekin itxita zegoela sentitu genuen». Kalean da, beraz, Karenaren estreinako lana, euskarri guztietan entzungai eta gozatzeko moduan. Pixkanaka etorriko dira kontzertuak, udan formatu txikian eta irailetik aurrera talde formatuan. Bide on!