Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Kufija

Euskaraz «kufija» esatea proposatzen du “Berria”-ren estilo liburuak «arabiarren zapi tradizional» gisa deskribatzen duenari. Euskaltzaindiaren hiztegien webgunean ez dut ordainik topatu eta Elhuyarrenean ere ez. Keffiyeh edo kaffiyeh idazten dute ingelesez eta hiztegi batzuetan arabiar gizonezkoen zapia dela esaten dute. Gaur egun, palestinarren zapia da, batez ere: palestinar identitatearen zapia, generorik gabekoa. Identitatearena eta elkartasunarena.

Kufija janztea elkartasun keinu txikia eta erraza da hemen, nire inguruan behintzat. Ez horren erraza beste toki batzuetan. Martxoan New Yorkeko MoMan sarrera debekatu zioten pertsona bati poltsan kufija zeramalako (museoaren arduradunek barkamena eskatu zuten gero). Kanadako Ontarioko Parlamentuan debekatu egin zuten zapia erabiltzea. Eurovision kantu-lehiaketan ere palestinarrekin elkartasuna adieraz zezakeen ikur oro −sandiarena barne− debekatu zuten. AEBetan palestinarren identitate eta elkartasun sinboloak terrorismoarekin eta gorrotoarekin lotzen hasiak dira. Azaroan Vermonten hiru palestinar gazte tirokatu zituzten; seguru asko kufija janzteak kondenatu zituen.

Horiek guztiak kontatzen dituen Arwa Mahdawi “The Guardian”-eko zutabegileak aitortzen du ez duela adorerik etxetik kanpora kufija janzteko. 2004ko martxoaren 11ren ondoko egunak etorri zaizkit gogora. Madrilgo metroan gindoazen lagunak ez ginen ausartu euskaraz hitz egiten; gaztelaniaz ere ez, azentuak salatu gintzakeelakoan (euskal identitate zantzuek tiroen jomugan jar gintzaketela baieztatzea hiperbolikotzat jotzen duenak gogora ditzala Anjel Berrueta eta Kontxi Sanchiz). Nolanahi ere, Mahdawik dioen bezala, kufijari buruzkoak txikikeriak dira, Gazan eta Zisjordanian jasaten ari direnaren ondoan. Kufijak edo gure campusetako kanpaldi laburrak keinu txikiak dira eta errazak. Gehiago behar dira. Unibertsitateen deklarazio solemneak hipokritak dira, Israelgo Estatuarekin eta hango enpresa eta unibertsitateekin harreman oro eteten ez den bitartean. Gera dezagun genozidioa.