GAUR8

Abian da Botaba euskal esamoldeen erronka

Labayru Fundazioak Botaba euskal esamoldeen erronkaren hirugarren edizioa hasi du. Instagram sare soziala izango da lehiaketaren euskarria, eta hiru aste iraungo du, astelehen honetatik azaroaren 25era bitarte.

Luxuzko enbaxadoreak ditu lehiaketak. (BOTABA)
Luxuzko enbaxadoreak ditu lehiaketak. (BOTABA)

Martxan dago jada Labayru Fundazioaren Botaba euskal esamoldeen erronkaren hirugarren edizioa. Instagram izango du euskarri, eta hiru aste iraungo du, astelehen honetatik azaroaren 25era arte.

Euskararen erabilera sustatzea du helburu lehiaketak, eta gazte jendeak egunerokotasunean hizkuntza modu naturalean erabiltzea, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Lehiaketa azaroan izango den arren, aurten «beroketa fasea» egin da urrian, jolasean ondo pasatzeaz gain, parte hartzaileek lehiaketan nola parte hartu behar den ikas dezaten. Horrela, erronkak, asmakizunak, lehiaketako enbaxadoreen zuzenekoak eta abar izan dira. Gainera, zozketak egin dira (Bilbao BBK Live eta Donostia Festibalerako sarrerak eta Mr. Euskaldun produktu pertsonalizatuak).

Sari berriak

Edizio honetako beste berrikuntzetako bat sariei dagokie. Bi kategoria egongo dira eta sari bat eskainiko da bakoitzean. Sari nagusia lau lagunentzako Interraileko txartelak izango dira, hilabete osoz Europan zehar nahi adina bidaiatzeko. Esamolde originalenaren saria, aldiz, lau lagunentzako abentura esperientzia bat izango da.

Lehenbiziko ediziotik luxuzko enbaxadoreak izan ditu Botaba esamoldeen erronkak, eta hirugarren edizioan ere horrela izango da, besteak beste, Iban Garcia youtuberra eta Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak arituko dira zeregin horretan, bai lehiaketa hasi aurretik, bai lehiaketak iraun bitartean ere. Zuzenekoak, desafioak, jolasak eta argitalpenak partekatuko dituzte erabiltzaileekin egitasmoa bukatu arte.

Euskal esamoldeen erronka @botabaerronka kontuan (Instagram) jarraitu ahal izango da, baita Youtuben eta Twitterren ere. Parte hartzeko jakin beharreko guztia lehiaketaren webgunean kontsulta daiteke: www.botaba.eus