Gaur8

Gizonduz ekimenaren barruan gizon politikariekin egindako lana aurkeztu dute Bruselan

Gizonduz ekimenak gizonezko politikarien kontzientziazioa, inplikazioa eta eragina sustatzea du helburu, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunaren alde.

Emakundek eta Eudelek Gizonduz ekimena aurkeztu zuten Bruselan. (Emakunde)
Emakundek eta Eudelek Gizonduz ekimena aurkeztu zuten Bruselan. (Emakunde)

Eudelen eta Emakunderen ordezkaritza tekniko batek “#InvolveMen: Redefining masculinities” izeneko maskulinotasunen inguruko mintegian hartu zuten parte Bruselan, atzo. Bertan, Emakunderen Gizonduz proiektuaren barruan eta Eudelen laguntzaz gizon politikariekin aurrera eramandako esperientzia aurkeztu zuten «berdintasunaren aldeko praktika on bezala».

Europako Udalerri eta Eskualdeen Batzordeak (CEMR) antolatu zuen atzo egin zen gizonei eta genero berdintasunari buruzko mintegia, lehen aldiz. Gizonak inplikatzeko ekimen berriak bilatu eta Europako udalerrietan partekatzea zuen xede, eta gizartean nagusi diren maskulinotasun-aginteei aurre egitea.

Foro honetan, Eudelek eta Emakundek praktika on gisa aurkeztu dute Emakunderen Gizonduz ekimenak 2017 eta 2018 bitartean gauzatutako proiektua, gizon politikarien talde eredugarria osatzeko; «berdintasuna bultzatzeko konpromisoa duten» EAEko gizonezko zenbait alkate eta Gasteizko Gobernuko zenbait goi karguk osatuta.

Bideo batean, besteak beste, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, Portugaleteko alkate Mikel Torres eta Mungiako alkate Ager Izagirreren testigantzak bildu dituzte eta atzo Bruselan proiektatu. Alkateekin batera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriaren testigantza eta Etxebizitza sailburuorde Pedro Jaureguirena ere jasotzen du bideoak.

Gorka Urtaranek, Gasteizko alkate eta EUDELen elkarteburuak, oso modu positiboan baloratu zuen ekimena: «Berdintasuna lortzea eta emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztea lehentasun politikoa eta soziala dira, eta gizonezkook ere lan horretan inplikatu behar dugu gure burua. Funtsezkoa da kargu publikoek trebakuntza jasotzea eta modu pertsonal eta politikoan parte hartzea. Gizonduz ekimenak lagundu egiten digu eraginkorragoak izaten, gizon hautetsien artean eta emakumezko lankide hautetsien artean aliantzak ehuntzen. Gizonezko gehiago animatu nahi ditugu berdintasunaren aldeko bideari ekin diezaioten».