Gaur8

Gipuzkoa Berdinagok jardunaldiak antolatu ditu, bere bidea errepasatu eta etorkizuneko erronkak finkatzeko

Hizkuntza berdintasunaren alde lan egiteko asmoz sortu zen Gizpukoa Berdinago proiektua. Gipuzkoako 18 eragilek osatzen dute, eta orain arte hartutako konpromisoen nahiz etorkizunean eman beharreko pausoen berri emango dute jardunaldietan.

Gipuzkoa Berdinago taldeak egindako agerraldi bat.
Gipuzkoa Berdinago taldeak egindako agerraldi bat.

Gipuzkoa Berdinago proiektuak “Komunikazio publikoan ere hizkuntza berdintasunerantz” izenburuko lan jardunaldia antolatu du, herritar eta eragile orori irekita, Etorkizuna Eraikiz gunean, Donostian. Topaketa abenduaren 16an izango da, eta, egitasmoa egiten ari den ibilbidearen berri emango da batetik eta, bestalde, 2019-2020 ekitaldirako erronka bateratua zertan datzan eta ekitaldien baitan ematen den hizkuntzen kudeaketa eraldatzen eman diren urratsak aurkeztuko dira.

Gipuzkoa Berdinago proiektuaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez eta Soziolinguistika Klusterraren koordinazioarekin, 2016tik elkarlanean ari dira Gipuzkoako 18 enpresa, erakunde, kirol talde eta elkarte. Gipuzkoan hizkuntza-berdintasunaren norabidean, komunikazio publikoaren eremuan burutzen duten jardueran euskararen presentzia eta erabilera handitzeko helburua daukate.

2019-2020 ikasturtean, egitasmoko erakunde bakoitzak antolatzen dituen barne ekitaldietan jarri da arreta. Euskararen erabilera eta ikusgarritasuna handitzeko urrats praktikoak emateko konpromisoak hartu dituzte eta uda ostetik gauzatzen hasiak dira. Erakunde bakoitzaren barne ekitaldiek ezaugarri eta baldintza bereziak izan dituzte, azaldu dutenez: kirol klubek akziodunen batzarra egiten dute, kooperatibek bazkideen bilkura, unibertsitateek ikasturtearen irekiera ekitaldi eta abar.

Hilaren 16ko jardunaldian, batetik, proiektua egiten ari den ibilbidearen berri emango da: 2016tik gaur arte eman diren urratsak errepasatuko dira, eta bestetik, 2019-2020 ekitaldiko erronka bateratua zertan datzan eta ekitaldien baitan ematen den hizkuntzen kudeaketa eraldatzen eman dituzten urratsak aurkeztuko dituzte Gipuzkoa Berdinagoko ordezkariek.

Jardunaldia amaitzeko, komunikazio publikoan hizkuntzen erabilera berritzailearen kasu aurreratu bezala, CCMA Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals erakundeko hizkuntza aholkularitza zerbitzuko kide Jordi Solé Travéren hitzaldia izango da.

Izen-ematea

Jardunaldia zabalik dago komunikazio publikoan diharduten enpresa erakunde eta elkarteetako komunikazio arduradunei, euskararen biziberritzean lan egiten duten aholkularitza eta elkarteei, ikerlariei, ikasleei, administrazio publikoko komunikazio eta euskara teknikariei zein interesa duen herritar orori. Parte hartzeko izena eman behar da abenduaren 10a baino lehen euskara@gipuzkoa.eus helbidera mezu bat idatzita.