Gaur8

Aita Menni ospitaleak Lesbosko errefuxiatu-esparruetarako elikagaiak biltzen lagundu dio Zaporeak elkarteari

Urtarrilaren 6ra arte elikagaiak utzi ahal izango dira Aita Menni Ospitaleak EAEn dituen zentro batzuetan; hala nola Arrasateko Ospitalean, Durangoko Jose Miel Barandiaran Egoitzan eta Bilboko Txurdinagabarri Egoitzan.

Arrasateko Aita Menni Ospitalea. (Juanan RUIZ/FOKU)
Arrasateko Aita Menni Ospitalea. (Juanan RUIZ/FOKU)

Aita Menni Ospitaleak, buru-eritasuna duten pertsonei, garunean kalteak dituztenei, adimen-urritasuna dutenei eta adinekoei zaintza ematen dien osasun-erakundeak, bat egin du Zaporeak GKEak Lesbosko (Grezia) errefuxiatuentzako elikagaiak biltzeko kanpaina batekin.

Ohar baten bidez azaldu duenez, urtarrilaren 6ra arte elikagaiak utzi ahal izango dira Aita Menni Ospitaleak EAEn dituen zentro batzuetan; hala nola Arrasateko Ospitalean, Durangoko Jose Miel Barandiaran Egoitzan eta Bilboko Txurdinagabarri Egoitzan.

Zaporeakek jakinarazi duenez, pasta, arroza (ahal dela, luzea), dilistak, babarrunak, garbantzuak, sardinak eta atuna latan, oliba-olioa edo espeziak (kuminoa, currya eta piperbeltza) behar dira.

Era berean, Aita Mennik prestatu dituen bilketa-puntuetan Zaporeaken informazioa eta materiala salduko da, eta nahi duten pertsonek diru-ekarpenak egin ahal izango dituzte, gero elikagaiak erosteko.

Kanpaina amaitzen denean, Aita Mennik Zaporeaki emango dio bildutako dirua, Lesbosera irits dadin.

Egoitz Zabala Aita Menniren elkartasun-arduradunak azaldu duenez, «Greziako errefuxiatu-esparruetatik datozen berriak, aurten ere, benetan kezkagarriak dira».

«Lesbos uharteko Morata zelaian, 3.000 lagunentzako lekua duena, 17.000 emakume, haur eta gizon bizi dira, eta beste negu batez, era bat ahaztuta, pilatuta eta elikagai gutxirekin egongo dira», zehaztu du.