Gaur8

Donostiako lau ilustratzaileek Udalaren kanpaina batean parte hartu dute, herritarrei beren «ahalegina» eskertzeko

Mikel Casal, Elena Odriozola, Iker Ayestaran eta Leire Salaberria ilustratzaile donostiarrek ilustrazio bana egin dute, Covid-19ak eragindako konfinamenduaren eguneroko eszenak islatzen dituztenak. Udalak martxan jarritako kanpaina baten baitan sortu dituzte irudiak, Donostiako herritarrei «egindako ahalegina» eskertzeko helburuz.

Mikel Casalen ilustrazioa, #EskerrikaskoDonostia kanpainarako. (DONOSTIAKO UDALA)
Mikel Casalen ilustrazioa, #EskerrikaskoDonostia kanpainarako. (DONOSTIAKO UDALA)

Ohar baten bidez, Donostiako Udalak iragarri du #EskerrikaskoDonostia kanpainaren jarri duela martxan, donostiarrei eskerrak emateko xedearekin, «konfinamendu-aste hauetan izan duten jarreragatik, erantzukizunagatik eta laguntzagatik».

Horrela, Udalak eskerrak eman nahi dizkie «egun hauetan guztietan beren etxeetan egoteko ahalegina egiten ari diren pertsona guztiei, eta, bereziki, lanean jarraitzen dutenei, hala nola osasun-langileei, suhiltzaileei, Udaltzaingoari, zainketa-lanetan ari diren langileei eta supermerkatu edo premiazko saltokietako langileei».

Horretarako, Mikel Casalek, Elena Odriozolak, Iker Ayestaranek eta Leire Salaberriak lau irudi sortu dituzte, bakoitzak bat, konfinamendu-une hauetako eguneroko eszenak islatzen dituztenak. Horiek izango dira, hain zuzen ere, asteazkenetik aurrera sare sozialetan eta komunikabideetan Udalak abiatuko duen kanpainaren irudiak.