Gaur8

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak milioi bat erabiltzaile baino gehiago ditu

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak Maite Gurrutxagaren ilustrazio bat aurkeztu du Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko.

EAEko bi biztanletik bat Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen erabiltzailea da. (GETTY IMAGES)
EAEko bi biztanletik bat Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen erabiltzailea da. (GETTY IMAGES)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) liburutegi gehienak biltzen dituen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea 1.036.217 erabiltzaile izatera iritsi zen 2019an, EAEko bi biztanletik bat, hain zuzen. Sareko bibliotekek 2.744.226 mailegu egin zituzten, aurreko urtean baino 120.000 gehiago eta 2017an baino 145.000 gehiago.

Gainera, joan den urtean, guztira 41.038 pertsona hurbildu ziren EAEko liburutegietara alta emateko, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Liburutegien arteko maileguek ere igoera nabarmena izan zuten iaz. 2018an 96.959 eskaera egin ziren zerbitzu horren bidez, eta 2019an 120.000 mailegu baino gehiago izan ziren (erabiltzaile batek liburu bat bere liburutegian aurkitzen ez badu, beste batetik helarazten zaio). Horrela, azken urteetan izandako liburutegien arteko maileguen hazkundearekin jarraitu da, eta erabiltzaileek gehien baloratzen duten zerbitzua da.

Bestalde, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak Maite Gurrutxaga irudigileak egindako kartel bat aurkeztu, ostegunean izango den Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Lan horretan, egileak aldarrikatu nahi izan du irakurketari esker badagoela «beste modu bat etxetik irten gabe beste mundu batzuk bisitatzeko eta ezagutzeko».

Liburuak aurrez aurre mailegatzeko zerbitzua duela hilabete baino gehiago ia erabat eten zen arren, Covid-19ak eragindako alarma egoera dela eta, liburutegi askok jarraitzen dute eskaintzen gomendio zerbitzuak, irakurketa gidak eta mailegu digitalei buruzko zalantzak konpontzeko argibideak.

Gainera, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean bildutako liburutegi zerbitzuek irakurketarako gonbidapena egin nahi izan dute Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Gurrutxagak egindako ilustrazioa baliatuz. «Garrantzitsua iruditzen zitzaidan bizi dugun egoera islatzea. Horrekin batera, azaldu nahi nuen nola badagoen beste modu bat etxetik irten gabe beste mundu batzuk bisitatzeko eta ezagutzeko, bizitzekoa. Eta hori irakurketaren bidez lor dezakegu», azaldu du irudigileak.