Nerea GOTI

Gipuzkoako artisau-gozogileak obradorera itzuli dira elkartasun-ale gozoak banatzeko

Gozoa Gipuzkoako artisau-gozogileen elkarteak elkartasun ale bat jarri nahi izan du krisialdi egoera honetan. Obradore batera itzuliko dira gaur arratsaldean 900 pastel eta 10.000 gaileta inguru prestatzera. Doan banatuko dituzte bihar jangela sozialetan, harrera zentroetan eta Gipuzkoa Ospitalean. Sektoreak bizi duen egoera larriaz ohartarazi du.

Gozogile bat txokolatea prestatzen, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Gozogile bat txokolatea prestatzen, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Artisau-gozogileen egoera oso zaila da koronabirusaren krisialdiaren ondorioz, familia-negozioek, autonomoek eta oso enpresa txikiek osatzen duten sektore batean. Hala ere, beraien elkartasun-alea jarri nahi izan dute eta egoera zaurgarrienean daudenei eta osasun krisialdi honetan lehenengo lerroan aritzen diren horiei hoberen dakitena egiten eskaini nahi diete, doan.

Elkarteko kideek GAUR8ri azaldu diotenez, hiru elementu nagusik bultzatu dute ekimena: stock-ean dauden lehengaiei irtenbide bat emateak, euren lanbidea baliatuta beste batzuei laguntzeko nahiak eta sektoreak bizi duen egoera erakustearen beharrak, kaltetuenetako bat izatea espero baitute.

Gozotegiak eta ostalaritzako bestelako lokalak itxita, beste askorena bezala artisau-gozogileen lana eten egin da. Egunotan sareen bidez harremanetan egon dira eta guztien artean sortu da ekartasun-ekimen hau martxa jartzearen ideia, duten guztia emanez: lehengaiak, eskulana eta tresneria.

Gaur bertan hasiko dira lanean. Lehengaiak Alamacenes Usabiaga hornitzaileak jarriko ditu, gozogile batek elaboraziorako behar diren ekipoak jarri ditu eta Gozoa elkarteko 12 gozogile inguru arduratuko dira prestatzeaz eta biharko banaketaz.

Pastel errusiarra eta cookie-ak

Iñigo Sarobek Gaur8ri aurreratutakoaren arabera, pastel errusiarra txokolatinekin eta ‘cookie’ estiloko galletak prestatuko dituzte, iraupen luzeagoko produktuak eskaintzeko. Lehenengoak harrera etxeetara eta jangela sozialetara bideratuko dituzte, gehien bat, eta cookie-ak osasun langileen artean banatuko dituzte.

Zehaztu duenez, ordu batzuetarako lana dute eta «buru-belarri aritzeko» prest daude gozogileak. Aurretik, zehaztu duenez,  beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartu dituzte.

Guztira, 900 pastel errazio eta 10.000 gaileta inguru prestatuko dituzte gaur, eta banaketa bihar egingo dute.

Lehenengo urrats bat da hau, esperimentala, baina testuinguruak laguntzen badu besteren bat izan daitekeela diote.