GAUR8

Arabar Errioxa Ardoaren maitaleentzako leiho berri bat, «Añada Conocimiento» atarian

Arabar Errioxa Ardoaren Ibilbideak blog berri bat zabaldu du «Añada Conocimiento» atarian, adituen eta profesionalen ezagutzak partekatzeko. Leiho birtual berria sektorearen inguruko esperientziei eta bizipenei zabalik dagoela nabarmendu dute.

Formakuntza saio bat, artxiboko irudian. (Arabar errioxa Ardoaren Ibilbidea)
Formakuntza saio bat, artxiboko irudian. (Arabar errioxa Ardoaren Ibilbidea)

Arabako Errioxako ardoaren inguruko dibulgazio lanari bultzada berri bat eman diote Arabar Errioxa Ardoaren Ibilbidean. Blog berri bat sortu dute «Añada Conocimiento» atarian, non enoezagutzaren sektoreko adituek euren «bertuteak» partekatzeko aukera izango duten.

Sektorearen inguruko ezagutza anitzak biltzea eta plazaratzea da asmoa, ardandegidunei, mahastietan adituak direnei, ostalariei eta lurraldeari lotutakoei zein kanpokoei zuzenduta. «Mundu guztia gonbidatuta dago publikoari bere ezagutzak ezagutaraztera», adierazi dute arduradunek ohar baten bidez.

Zehaztu dutenez, «ardoaren mundu zoragarriaren inguruko» ikerketek, aurrerakuntzek eta bestelako edukiek zabalik dituzte blogaren ateak, informazioa publiko zabal batekin partekatzeko. Gaineratu dutenez, bertan ahotsa izango dute irakasleek, profesionalek eta informazioa partekatu nahi duten erakundeek.

Publikatzeko proposamenak «comunicacion@rutadelvinoderiojaalavesa.com» emailera bidali behar dituzte.

Enoturismoaren leiho birtuala

Arabar Errioxar Ardoaren maitaleek badute «Añada Conocimiento» atarian informazio zehatza enogastronomia eta enoturismoa bezalako ataletan. Izan ere, ikasgela birtuala ere eskaintzen da bertan, baita campus enogastronomikoa edota formazio bidaien ingurukoa ere.

Enoezagutza zabaltzea xede, «enoturismoan ezagutzak eta esperientziak bizi, sentitu eta partekatzeko modu berri» bat da, nabarmentzen dutenez.