GAUR8

Sukaldaria.eus, Gipuzkoako jatetxeen menuak etxeratzeko bilatzailea

Etxez etxeko janari zerbitzua edota menua lokalean jaso eta eramateko aukera ematen duten jatetxeak eta tabernak bilatzeko tresna berri bat dago Gipuzkoan, «sukaldaria.eus» izeneko plataforma. Dagoeneko 30 negozio baino gehiago daude kosturik ez duen leiho digital horretan, baina laster kopurua biderkatzea espero dute.

Sukaldariek prestatutako menua etxean dastatu nahi duenak badu jatetxea bilatzeko tresna berri bat. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Sukaldariek prestatutako menua etxean dastatu nahi duenak badu jatetxea bilatzeko tresna berri bat. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Osasun krisialdi honen erdian kanpoko janaria etxera eramateko bi aukera ematen dituzte zenbait taberna eta jatetxetan: etxeko aterainoko zerbitzua eta menua lokalean bertan jaso eta eramatekoa. Gipuzkoan «sukaldaria.eus» izeneko plataforma digitala jarri dute martxan herritarrek delivery eta take away aukera horiek eskaintzen dituzten taberna eta jatetxeak bilatu ditzaten.

Argitu dutenez, irabazi-asmorik gabeko ekimena da ARG Media enpresako kideek bultzatu duten hau. Negozioentzat ez dauka inolako kosturik eta dagoeneko 30 lokal baino gehiago aurki daitezke bilatzailean. Hala ere, laster kopurua biderkatzea espero dutela esan dute.

Egitasmoaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, asmoa izan da «ilusioa» piztea, «monotoniatik ateratzeko» uneak sortzeko aukera ematea eta «gipuzkoarrok hainbeste zor diogun sektore bati, sukaldarienari, laguntzea».

«Gaur egun erakusleiho digitalik ez izatea desabantaila da. Egoera horren aurrean «sukaldaria.eus» negozio analogikoei inolako kosturik gabeko leiho bat eskaintzen die Gipuzkoan, janari zerbitzuak jasotzeko edo etxez etxeko zerbitzua duten kontsultatzeko gunea sortuz», azaldu dute.

Alberto Rincon enpresako gerenteak zehaztu du proiektuaren inguruan egungo egoeraren aurrean argi ikusi zutela informazio falta zegoela eta konfinamenduaren inguruko araudien aldaketek gehiago ikertzeko ideia eman zietela.

Kontsultak egiteko aukera ezberdinak

Atariaren funtzionamenduaren inguruan  azaldu dutenez kontsulta egiteko era ezberdinak daude. Janari motaren araberakoa izan daiteke bilaketa edo «zure hirian entrega-zerbitzua dutenen» jatetxeen araberakoa.

Plataformak, gainera, Google Mapsekin konektatutako geolokalizazio sistema du eta sakeleko telefonoen kokapenatik gertuen dauden tabernak topatzen ditu. Era horretara bilatzaileak aukera ezberdinak aurkeztu ahal ditu era azkar batean, zehaztu dutenez.

Jatetxe eta taberna bakoitzak bere menuak jasotzen dituen fitxa dauka bilatzailean, zabalik dagoen egunen eta ordutegien informazioa, eta eskaerak egiteko jarraibideak, besteak beste.