GAUR8

Trenbidearen ondarea, «ongizaterako espazioak» eta «inspirazio iturri»

Trenbideari lotutako Europako hainbat museok burdinbidearen ondare-eremuek «pertsonen zaintzan izango duten eginkizun onuragarria» nabarmentzen duen adierazpena sinatu berri dute Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunean eta Covid-19aren pandemiaren testuinguruan. Museo-jarduera berreskuratzen laguntzeko eta jarduteko estrategia bateratuak lantzeko asmoa ere azaltzen du manifestuak.

Zugastieta lokomotora historikoa (1888) Azpeitian, artxiboko irudian.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Zugastieta lokomotora historikoa (1888) Azpeitian, artxiboko irudian.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatu zen. Ospakizun horren harira, Euskotrenek, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoaren eskutik, trenbidearen Europako beste hogei museorekin batera adierazpen bat sinatu zuen, «ondare-espazioek jendearentzat irekita daudenean pertsonen zaintzan izango duten paper onuragarria» nabarmentzeko.

Espainiako Trenbideen Fundazioak sustatutako ekimenak erantzun zabala izan du. Hartara, trenbide-konpainien ondare-sailen, museoen, trenbideen historiaren eta garraioaren nazioarteko elkarteen babesa izan du manifestuak.

Mezuak trenari eskainitako museoen «berezitasunean» eta «trenbideen eta gizartearen artean ezartzen duten bizi-loturan» jartzen du arreta. Sinatzaileek azaltzen dutenez, Covid-19ko pandemiak lehen planoan jarri du pertsonen zaintza. Testuinguru horretan, «neurri handiko ekipamenduak, garai bateko geltokiak, tailerrak edo lurrun tren makinen biltegiak, besteren artean, toki egokiak dira inspirazio-iturri eta osasungarri diren bisitak sortzeko, ongizatearen mesedetan».

Balioan ipini eta aliantzak sortu

Trenbidearen inguruko museo handiek sinatu berri duten adierazpenak trenak «iraganeko, oraingo eta etorkizuneko garapen» teknologikoan, ekonomikoan eta sozialean utzi duen ondarea balioan ipintzea du helburu. «Herritarrek trenean konfiantza izaten jarraitzea» eta kontinente osoan mugikortasunari begira duen zereginean laguntzea», adierazpenean jasotako helburuen artean azaltzen dira.

Ekimenaren bultzatzaileek zehaztu dutenez, Europako 28 erakundek bat egin dute manifestuarekin, Euskal Herrian, Estatu espainolean, Portugalen, Grezian, Alemanian, Belgikan edota Suedian, besteak beste.

Nabarmendu dutenez, adostutakoak «lankidetza espiritua izan nahi du gizartea museoekin sentsibiliza dadin», eta «birusaren aurkako bizikidetzako agertoki berri honetan duten garrantziaz» jabetu dadin.

Momentuz ateak itxita dituen Euskotreneko Burdinbidearen Museoak gogorarazi du bisita birtualak egiteko aukera dagoela «www.euskotren.eus» web orrian.