GAUR8

EHUko ingeniarien prototipoa, Silverstone birtualean lehiatuko da

Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek garatu duten prototipoa ezin izango dute Silverstoneko zirkuituko lasterketan probatu, baina «diseinua, kostuak eta negozio eredua» kontuan hartzen dituzten probak modu telematikoan egingo dira uztailean. 3.000 gazte inguru lehian jartzen duen lasterketan, EHUkoak «top-ten»ean egon dira azken edizioetan.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek garatutako prototipo bat, arxtiboko irudian. (Ingeniaritza Eskola)
Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek garatutako prototipo bat, arxtiboko irudian. (Ingeniaritza Eskola)

Aurten ez da Silverstoneko zirkuitu lasterketarik izango. Proba bertan behera utzii behar izan dute Covid 19-aren pandemiaren ondorioz. Hala ere, Formula Student UK-ko antolatzaileek irtenbide telematikoa aurkitu dute eta, era horretara, «diseinua, kostuak eta negozio eredua» bezalako proba estatikoak modu telematikoan egingo dituzte unibertsitate ezberdinetako ikasle taldeek, tartean Bilboko Ingeniaritza Eskolakoak.

«FSBizkaia taldeko 66 ikasleak ‘on line’ lehiatuko dira mundu osoko 80 unibertsitaterekin uztailaren 22tik 24ra, azken urteetako emaitza onak sendotzeko xedez». Horrela azaldu du Bilboko Ingeniaritza Eskolak aldaketekin datorren erronka berria, ohar batean.

Nabarmendu duenez, osasun larrialdiak normaltasuna hankaz gora jarri duen une honetan, zailtasunei aurre egin eta ingenieritzako ikasleek jakin izan dute egoerara egokitzen, ingeniarien gremioak antolakuntza, aurreikuspena eta ezusteetara egokitzeko duen gaitasuna erakutsi eta praktikan jarriz.

«Proiektuaren 14 urteko historian, aurten lehen aldiz gazteek ezin izango dituzte euren lanak Formula 1eko zirkuitu mitikoaren asfaltoan probatu», zehaztu dute, baina «proba estatikoak» egin ahal izango dituzte.

On line egingo diren «aurkezpen ekitaldi horietan talde bakoitzak euren prototipoaren diseinua eta berrikuntzak» azaldu ahal izango ditu, baita «seriean fabrikatzeko aukera emango luketen negozio eredua eta kostuen estrukturak ere».

Sariak, azken urteetan

Bilboko Ingeniaritza Eskolatik nabarmendu dutenez, FCBizkaiak «ibilbide bikaina» izan du proba horietan azken urteetan. Izan ere, hainbat finaletara heldu eta azken hiru urteetako edizioetan lehenengo hiru sari irabazi dituztela zehaztu dute.

Ikasleak FSB2020 aurtengo monoplazan eta datorren urtekoan (FSB2021) ari dira lanean. Bilerak egiteko eta dokumentuak partekatzeko zenbait plataforma erabiltzen ari dira eta dagoeneko muntaketa fasean zegoen edizio honen prototipoaren proba estatikoak prestatu dituztela azaldu dute. Iragarritakoaren arabera, laborategian lan presentziala hasi ondoren, prototipoa bi asteko epean egongo da prest.