GAUR8

Ozeanoen erdiak baino gehiago, klima aldaketaren eraginpean

Ozeanoen %50 baino gehiago klima-aldaketaren eraginpean egon litezke honezkero, eta ehuneko hori %80ra irits liteke hurrengo hamarkadetan, joan den astelehenean “Nature Climate Change” aldizkarian argitaratutako azterlan baten arabera.

Klima aldaketaren eragina, gero eta nabarmenagoa ozeanoetan (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)
Klima aldaketaren eragina, gero eta nabarmenagoa ozeanoetan (Luis JAUREGIALTZO I FOKU)

 Ingalaterrako Reading Unibertsitateko adituek ozeanoetako eremu sakonetako ereduak eta behaketak erabili zituzten lehen aldiz tenperaturen eta gatz-mailen aldaketa kalkulatzeko, gizakiak eragindako klima krisiaren adierazle onak baitira.

Ikerketaren arabera, adituek uste dute Ozeano Atlantikoaren, Barearen eta Indiakoaren % 20tik 50era bitartekoek tenperatura eta gatz-maila desberdinak dituztela, baina ehunekoak % 40tik 60ra bitarte igoko dira mendearen erdialdean, eta %55etik 80ra bitarte 2080 inguruan.

Halaber, zientzialariek ikusi zuten klima-aldaketak hego hemisferioko ozeanoetan duen eraginaren erritmoa ipar hemisferiokoetan bainoaskoz bizkorragoa dela. Aldaketa horiek 80ko hamarkadaren hasieran hasi ziren nabaritzen.

"Ozeanoetako uraren azaleko tenperaturetan aldaketak sumatu ditugu hainbat hamarkadatan, klima-aldaketak eraginda, baina ozeanoko eremu zabaletako aldaketak, bereziki sakonekoak, antzematea askoz zailagoa da", esan zuen Eri Guilyardik, Readingeko Unibertsitateko eta Parisko Ozeanografia eta Klimaren Laborategiko ikerketaren egileetako batek.

Aurreko azterketetan, klima-aldaketak ozeanoetan duen eragina aztertu zen, uraren azaleko tenperaturak, itsasoaren mailare igoeraren eta euriteen neurketaren bidez, baina ez ozeanoen sakonean, tenperaturak eta gatz-mailak neurtzeko zailtasunak zirela eta.

Zientzialariek ozeanoen behaketa hobetzeko beharra nabarmendu zuten, klima aldaketak ozeanoetan duen eraginaren norainokoa hurbiletik jarraitzeko eta planeta osoan duen eragina zehatzago aurreikusi ahal izateko.