Nerea Goti

Zabalzako garaia, Urraulgoitiko antzinako tresnen museo txikia

Munduko museo txikienetako bat Nafarroan dago, Urralgoitin. Txikia da baina kanpotik zein barrutik xarma handia du. Garai bat da, Zabalza izenekoa, eta antzinako 200 objektu baino gehiagoren bilduma du ikusgai.

Museo txiki eta mamitsua (Clara Frago)
Museo txiki eta mamitsua (Clara Frago)

Garaiak mundu osoan zehar etxe ondoan eraikitzen ziren eraikuntzak dira. Elikagaiak gorde eta kontserbatzeko erabiltzen ziren. Zutabeen gainean altxatutako egitura horiek hezetasuna saihestu eta uztak karraskariengandik babesten zituzten.

Penintsulan, oso ezagunak dira Galiza eta Asturias aldean kontserbatzen direnak, baina Euskal Herrian ere ez dira ezezagunak. Herrialde guztietan antzeko patroia duten egiturak eraikitzen ziren baserrien ondoan. Berezitasun, forma eta izen ezberdinekin, antzeko erabilera zuten guztiek.

Nafarroak kontserbatzen ditu euskal garai gehienak, Aezkoa Ibarran bereziki, baina baita Artzibarren, Longidan, Ortaibarren edota Urraulgoitin ere. Izan ere, azken udalerri horretako garai bat ezaguna egin da, jabeek museo txikia bihurtu dutelako.

Isturiz familia da jabea eta urteetan zehar etxe inguruan aurkitutako antzinako tresneriekin iraganera daraman espazio txukun bat osatzen joan dira. Pentsatuta ez bazuten ere, 200 objektu baino gehiago dituen bildumak bisitarien arreta piztu du.

Aurten, Museoen Nazioarteko Egunaren harira, Patrimonio para Jovenes elkarteak sareetan ezagutzera eman du Zabalzako Garaia, munduko museo txikienetako bat.

Zabalzako garaia etxe ondoko patio batean kokatuta dago. Eraiki zuten dataren inguruko dokumenturik ez dagoela dio Javier Urbiolak; hala ere, Gaur8rekin proiektuaz hizketan, etxea 1614. urtekoa dela zehaztu du.

Etxean emaztearen familiaren hainbat belaunaldi bizi izan dira, dioenez. Bera inguruan utzitako  tresna zaharrak berreskuratzen joan da, museo txiki bat atontzen jakin gabe. 

Urbiolak gogoratzen duenez, etxean aurkitutako tresnak eta objektuak dira, abeltzaintzan, nezkazaritzan… erabilitakoak, etxerako portzelanazko objektuak… Pieza gehienak, %90 inguru, etxe berekoak dira, eta beste batzuk lagunen edota osaba-izeben artean jasotakoak.

Hasierako helburua ez zela museo bat egitea argitu du Urbiolak, baizik eta etxeko antzinako gauzak behar bezala gordetzea. Orain ikusi dute publikoak bisita atsegin duela, museoak herria bera aberasten duela eta bisitariek garrantzia ematen diotela desagertu den garai bateko objektu horien kontzerbazioari. Bisitak ez dira Nafarroara mugatzen, ordea, Bizkaitik eta batez ere Gipuzkoatik jende asko joaten baita.

Bisitari gehienak 50 urtetik gorakoak dira, zehazten duenez, baina gazteak ere izan dira Zabalazako garaian. Bisitari baztuen artean memoria pizten da pieza batzuk ikustean, eta oso ohikoa omen da entzutea: «nire amak horrelako bat zeukan», edo «aitona-amonen etxean honelako bat zegoen».

Urbiolak dioenez, familiako gazteenek dauden pieza guztiak zerrendatu eta zein erabilera zuten idatziz jaso nahi dute, museoaren edukia aberasteko. Jabego pribatuan dagoenez, bisitak familiarekin lotu behar dira, aurretik udaletxera deituta. Urbiolak zehaztu duenez, ez dute urte osoa Urraulgoitiko etxean ematen, gehienbat uda aldean egoten baitira han.