GAUR8

Bisitarien hazkundea uda honetan Urdaibai Bird Centerren

Covid-19ak markatutako ezohiko udan, natura turismoa aukera tentagarria izan da familia askorentzat.

 

Urdaibaira flamenko bikotea gerturatu da
Urdaibaira flamenko bikotea gerturatu da

Urdaibai Bird Centerren pozik daude ezohiko uda honetan izan dituzten bisitari kopurua ikusita. Agertu dutenez, bertako behatokietara gerturatutako bisitarien kopuruak %10 gora egin du iazko datuekin alderatuta eta koronabirusak izan duen eragina ikusita, nabarmentzeko datua da.

Gorakadaren nondik norakoak garbi samar dituzte Urdaibai Bird Centerren. «Alde batetik, atzerriko bisitarien presentzia ia hutsaren hurrengoa izan da; estatuko eta Euskadiko bisitariena, aldiz, areagotu egin da. Eta arrazoi nagusia konfinamendu-aldian aurkitzen dugu; izan ere, Urdaibaiko padurak eta bertako hegaztiak zuzenean erakusteko egin genituen emanaldiak 250.000 familiak jarraitu zituzten. Izan ere etxeratze aginduan zehar naturara irekitako leiho bat bihurtu ginen».

Gaineratu dutenez, behin konfinamendua amaituta, ikus-entzule horien zati txiki batek «hitza bete behar izan zuen gu bisitatzera etortzeko», eta, horrela, 11.105 pertsona iritsi ziren natura behatzeko guneraino. «Bisitari gehienek behin eta berriz aipatu zuten Biosfera Erreserba ederrak, konfinamendutik ihes egiten lagundu ziela, eta etxean egon beharra askoz ere jasangarriagoa egin zitzaiela».

Hegaztien Munduko Eguna

Gerturatu diren bisitarien, etxetik jarraipena egin dutenen eta etorkizunean gerturatzekoak direnen omenez emanaldi berezia prestatu dute datorren urriaren 4rako, “Hegaztien Munduko Eguna” ospatzeko. Horrela, Urdaibai Bird Centerrek zuzeneko emanaldi berri bat eskainiko du etxean dauden bisitari guztientzat. Emanaldia goizeko 10.00etan hasiko da eta gonbidapen zabala egin dute zentrotik. Azken asteotan Urdaibaira gerturatu den flamenko bikotea ikusteko aukera izango ote da? Zuzenean ikusi ahal izango ote da nola murgiltzen den Arrano arrantzalea?