GAUR8

Ekintzaileentzat zuzendutako Arin-Arin saioa Enpresarean Azokan

Garapen Iraunkorrerako Helburuekin lotutako proiektuak edo ideiak sarituko ditu Arin-Arin saioak. Ekimena gauzatzeko 2.000 euroko laguntza eskainiko da.

Ekimenaren kartela
Ekimenaren kartela

Datorren urriaren 22an izango da aurtengo Enpresarean Azoka, Hernaniko Orona Ideon, Bai Euskarari Elkarteak antolatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesletzarekin.
“Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioa euskal enpresa-sarean. Eta hizkuntza aniztasuna?”. Horixe izango da Enpresarean Azokan jorratuko duten gaia eta hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango dira.

Bide horretan, ekintzaileei zuzenduriko Arin-arin saioa egongo da. Parte-hartzaileek Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioarekin lotutako proiektuak edo ideiak azaldu beharko dituzte, hiru minututan, arin eta labur. Bai Euskarari Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osaturiko epaimahaiak parte-hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko du, ekimena gauzatzeko 2.000 euroko laguntza eskainiz. 

Izen-ematea zabalik dago. Parte hartu nahi dutenek baldintza batzuk bete behar dituzte. Batetik, aurkezten dituzten proiektuek Garapen Iraunkorreko Helburuekin lotura izan behar dute. Bigarrenik, proiektu berritzaileak izan behar dute eta Gipuzkoan aurrera eramateko modukoak. Azkenik, proiektuak euskaraz aurkeztu behar dira eta proiektuari buruzko informazioak ere euskaraz izan behar du. Parte hartu nahi duenak urriaren 11a baino lehen eman behar du izena www.enpresarean.eus webgunean. Interesa dutenek webgune horretan dagoen galdetegi bat bete beharko dute.

2018ko edizioan Zocco Handmade proiektua izan zen arin-arin ekintzaileen lehiaketaren irabazlea.