GAUR8

«Gaztezulo», 20. urtebetetzea ospatzeko prest

Urteurrena dela eta, urriko alea berezia izango da. Bi atal izango ditu; bata, hasierako diseinua gogoraraziko duena, eta bestea, beti bezala, begiak aurrera begira jarrita.

Gaztezulo, 20 urteko ibilbidea
Gaztezulo, 20 urteko ibilbidea

«20 urtetan, ezinbestean, aldatuz joan gara, beti ere gure funtsa ez aldatzeko helburuarekin. 20 urte hauetan “Gaztezulo” sortzaile, kirolari zein eragile interesgarriei ahotsa ematen saiatu da, baita gai interesgarriak eta kultur gomendioak zabaltzen ere. Izan ere, orain zabaltzen ari den kultura beharrezkoa da aldarria hasieratik eduki du tatuatua proiektu honek bere bihotzean, diote «Gaztezulo» proiektu komunikatiboko kideek.

«Urriak ilunak izan ohi dira, tristeak askorentzat»; hala ere, eurek festa giroan biziko dute aurtengoa. Izan ere, “Gaztezulo”ren 20. urtebetetzea nahi luketen moduan ospatzerik ez badute ere, aldizkariak hainbat ezusteko eskainiko omen ditu.

Urriko aldizkariak bi zati izango ditu, eta «nostalgia batzuetan aurrera jarraitzeko aitzakia izan daitekeenez», hasierako diseinua gogoraraziko du.

Horrela, aldizkariaren alde batek “Gaztetxulo” zeneko diseinua izango du eta 20 urteetako ibilbideari errepasoa egingo dio, aspaldiko zenbait atal berreskuratuz. Oihana Egañak aldizkariarentzat egindako ilustrazioak eta Gartxot Unsainek urteurrenerako egin duen bertsoa ere agertuko dira, orain arte egin duten lanaz harro baitaude; horrregatik, beren buruari omenalditxo bat egin nahi izan baitiote. 

Umorea, kritikarako arma boteretsuena  

Nolanahi ere, diotenez, aurrera begira jarriak dituzte begiak. Izan ere, aldizkariari buelta emanda, beste azal bat agertuko da, gaur egungo “Gaztezulo” aldizkariarena, hain zuzen. Bertako protagonista Aitziber Garmendia da, ohiko atalekin batera. «Garmendia urte luzez izan da, eta da, euskal umorearen aurpegia, eta horregatik 20. urteurreneko aldizkarirako gonbidatu hoberik ez zegoen», azaldu dute, eta proiektu komunikatibo hori, «modu batean edo bestean», beti saiatu dela umore eta urratze puntu horri eusten eta «ahalik eta modu freskoenean», euskaratik eta euskaraz, gazteen intereseko gaiak jorratzen.

Aurrerantzean ere horrela jarritzeko asmoa adierazi dute, «umorea baita kritikarako arma boteretsuena, eta egun, baita zentsuratuena ere; guk ordea ez dugu isiltzeko asmorik».

Datorren ostiralean argitaratuko den aldizkari berezi horrekin hasiko dira 20. urteurrena ospatzen, osasun krisiak mugatutako moduan; hala ere, dagoeneko datorren urtean 20+1 urtebetetzea ospatzeko prestaketari ekin diotela abixatu dute.