GAUR8

GEU Elkartea erronkaz betetako denboraldia abiatzeko prest eta ilusioz beteta

GEU Elkarteak denboraldi berriari hasiera emateko GEU FEST izeneko jaia antolatu du bihar arratsalderako Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Bertan elkartuko dira Mintzalaguna, Irakurle Kluba, GEUrekin Mendira, Begi Belarri ikus-entzunezko emanaldiak, Igandeak Jai familientzako saioak… Osasun egoerararen araberako segurtasun arauak errespetatuz, urteroko plangintza aurrera eramango du aurten ere euskararen sustapena jatorri eta zeregin duen elkarteak.

GEU Elkartearen logo berria (GEU)
GEU Elkartearen logo berria (GEU)

GEU Elkarteak hainbat ekimen ditu esku artean: Igandeak Jai familientzako saioak, Mintzalaguna, Irakurle Kluba, GEUrekin Mendira, Begi Belarri ikus-entzunezko emanaldiak, Parraleko kontzertuak, Oihaneder eta beste eragilerekin batera antolatzen dituen beste hamaika ekimen, hala nola Euskaraldia bera…

Duela zenbait hilabete elkartearen irudiaren gaineko hausnarketa abiatu zuten, eta konfinamenduan zehar GEU bere egitasmoak «moldatu eta birformulatu behar izan zituen». Egiten duen lana nabarmena da, baina haren presentzia zirkulu zehatz batzuetan baino ez, eta Gasteizko jendartean presentzia hori areagotu beharko luketela ondorioztatu zuten. Ondoren, diru bilketa kanpaina bat jarri zuen abian eta orain, plangintza berria abian dela, «ilusioz ekin nahi die erronka berriei».

Hasteko, ikuskizun laburrez beteriko arratsaldea antolatu du biharko Jimmy Jazz aretoan. Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean izango da eta Oihan Vega aurkezle, irrati esatari eta musikariak gidatuko du; bakarrizketak tartekatuz musika, bertsoak eta hula hop saioak eskainiko dituzte.

Halaber, elkartearen logo berria aurkeztuko dute, irudi berriaren erakusgarri. Kafe antzoki batean bezala, publikoa mahaietan eserita egongo da, segurtasun neurriak direla eta. Sarrera doakoa da, baina izena emateko azken eguna atzo izan zen.

Hiru ardatzen inguruko gogoeta

GEU FEST horren bezperan, Azaitz Unanue elkarteko koordinatzailearekin hitz egin du GAUR8k, azkenaldion ekin dion moldatze prozesuaren nondik norakoen berri jakiteko. Azaldu duenez, hiru ardatzen inguruko hausnarketa egin dute: Lehenengoa, elkartearen irudiaren ingurukoa, hura moldatu eta kanpaina bat abiatuz. Bigarrena, webgunearen ingurukoa; guztiz berritu berritu, itxura modernoagoa eman eta erabilgarriago eginez. Azkenik, aspaldi egin zuten azterketaren arabera, sare sozialetako presentzia areagotu egin dute.

Unanuek gogoratu duenez, logo berria prest zutenean, jendartean eragin ikaragarria izan duen fenomenoa iritsi zen: covid-19a. Hala ere, webgunea bideratuta samar zeukatenez orduko, «aukera polita» ikusi zuten eremu digitalean gauza berriak egiten hasteko.

«Hainbat ekimen egin genituen, GEU elkartearen lana euskara sustatzea baita, eta hizkuntzaren sustapena azken batean harremanetan oinarritzen da, kalean ere bai, jakina, eta guk antolatzen ditugun hainbat ekimen presentzialak dira: eskoletan, guraso elkarteekin edo hezitzaileekin egiten ditugunak, kulturgune eta tabernetakoak, hala nola Mintzalaguna, Oihanederren [Euskararen Etxean], kaleko bisita gidatuak...», dio elkarteko koordinatzaileak.

Konfinamendua zela-eta, ekimen asko bertan behera utzi behar izan zituzten, «baina mugitzen hasi ginen eta ikusi genuen bazeudela zenbait aukera ekimen horietako batzuk online eskaintzeko. Hala egin genuen eta erantzun benetan polita eduki genuen; esate baterako, ekimen baten ondorioz 70 bat ipuin jaso genituen. Konturatu ginen Gasteizen eremu digitalean bazegoela euskara eskatzen zuen jende multzo bat, eta erreminta horiek ere erabili behar genituela, baita gure presentziari begira ere, eta arrakasta eduki genuen», dio uste osoz.

Jimmy Jazz aretoan, egindako lanaren emaitza irudikatuko dute

Konfinamenduak arazo ekonomikoa ere ekarri zuen, ordea. Hainbat programa bertan behera utzi izana eta, «batez ere», Gasteizko jaietan GEU-k Aihotz Plazan jartzen duten txosna ezin zabaldu izanak diru iturri garrantzitsua galarazi eta elkartearen egoera ekonomiko larria eragin zieten. Unanuek azaldu duenez, ERTE partzial batean sartu zirenean, crowdfunding kanpaina bat abiatu zuten; izan ere, txosnarekin lortzen duten dirua funtsezkoa da autofinantzatzeko. Hala,«zuloa tapatzea» lortu zuten.

Pozik ageri da Unanue orain: «Oso balorazio ona egin dugu, ikusi dugulako gure eremu zuzenetik kanpo ere, beste lagun asko hurreratu zaizkigula edo sosteengu eman digutela crowdfunding kanpainaren bitartez. Eta horrela ikusi dugu badugula jende gehiagorengana heltzeko ahalmena. Horrretarako komunikazioa garrantzitsua izango da». Ezohiko urte honetan egindako lanaren emaitza irudikatuko dute bihar Jimmy Jazzen.

Berrabiatze hori hori noalabait zentralizatu egin dute https://geuelkartea.eus/ webgunean. GEUren eta elkartearekin zerikusia duten proiektuen loturak bertan daude; esate baterako, lehen Mintzalagunak bere web propioa zeukan eta orain GEUren webguneko menuan ageri da, eta berdin Euskaraldiaren, “Alea”-ren eta beste zenbaiten loturak.