GAUR8

«Kantatzen duten herriak» jardunaldiak, musikak pandemia samurtzeko duen gaitasunaz

EHUko Leioako Campusean ospatuko da «Kantatzen duten Herriak» jardunaldien laugarren edizioa, gaur hasita eta ostiralera arte. Musika pandemia garaian, gorputzak eszenatokian edota musika eta identitateak izango dira formatu ezberdinetako ekitaldien gai nagusiak.

Aneguriak rap tailerrak eskainiko ditu jardunaldietan, ostegunean eta ostiralean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Aneguriak rap tailerrak eskainiko ditu jardunaldietan, ostegunean eta ostiralean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

«Kantatzen duten herriak» jardunaldien laugarren edizioa gaur hasi eta gai ezberdinen gaineko ponentzia gonbidatuak, proposamen artistikoak eta musikalak, solasaldiak eta beste hainbat ekitaldi ekarriko ditu ostiral arte luzatuko den egitarauaren barruan.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez doakoak dira ekitaldiak, baina covid egoera dela-eta, lekuak mugatuak izango dira eta horregatik komeni da aldez aurretik izena ematea.

«Musika pandemia garaian» izango da jardunaldia zabalduko duen programazioaren gai nagusia. Parte hartzaile ezberdinen esperientziek eta hausnarketek beteko dute hasierako «Komunikazioak» espazioa eta 12.30ean Sara Zozaya musikaria, Andoni Iturbe Lakuako Kultura sailburuordea, Aitor Etxebarria musikaria, Fever-eko Adrian Medrano eta Nahia Muñoz teknikaria bilduko dituen mahai ingurua ospatuko da.

«Gorputzak eszenatokian» osteguneko programazioa zabaltzeko proposatutako gaia da. Kasu honetan online izango da eta hainbat proposamen utziko ditu egunean zehar. Aneguriaren rap tailerra gazteleraz itxiko du eguneko egitaraua.

Ostiraleko proposamenari dagokionez, «Musika eta identitatea» gaia jorratzera dedikatuta egongo da eta sarrera modura Unibersitat Oberta de Catalunyako Roger Martinez Sanamartiren ponentzia gonbidatua izango du. Aneguriak itxiko du programazioa, oraingoan euskaraz eskainitako rap tailer batekin.

Ekitaldiak Leioako Campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, Arte Ederren Fakultatean eta Bilbo Hezkuntza Fakultatean egingo dira.