GAUR8

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren 11. liburukia: 232 mapa berri, ofizio eta tresnen lexikoarekin

Ahozko euskararen aldaerak mapetan kokatuta jasotzen dituen Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren XI. liburukia argitaratu du Euskaltzaindiak. Azken alea 232 mapa eta honako gaiak jorratzen ditu: ofizioak eta tresnak, itsasontzia eta eskifaia, itsas arrantza eta beste lanbide batzuk, gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak.

AdolfoArejita, AndresUrrutia eta IbonUrgoiti azken liburukiaren aurkezpenean. (Euskaltzaindia)
AdolfoArejita, AndresUrrutia eta IbonUrgoiti azken liburukiaren aurkezpenean. (Euskaltzaindia)

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) XI. liburukia argitaratu berri du Euskaltzaindiak. Azken ale honekin «etapa bat amaitzen» dela azaldu dute Hizkuntza Akademiatik, eta zehaztu dute CD formatuan ere eskuragai dagoen ale horretan ofizioak eta tresnak, itsasontzia eta eskifaia, itsas arrantza eta beste lanbide batzuk edota gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreei lotutako lexikoa aurkituko duela erabiltzaileak 232 mapetan kokatuta.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan, azken liburukiarekin «etapa bat amaitzen da» eta 80. hamarkadan jasotako materialarekin beste «egitasmo batzuk ontzeko baliagarri» izan daitekeen lana osatu da. Atlasak hasiera-hasieratik izan duen Laboral Kutxaren babesa eskertzearekin batera, Urrutiak gogoratu du eduki guztiak Euskaltzaindiaren webgunean eskuragarri daudela.

Proiektua Pilar García Mouton doktoreak goraipatu du «kultura bat ikertzeko ezinbesteko altxorrak» diren «hizkuntzaren memoria eta hiztunena» biltzen dituelako.

Era berean, lanaren garrantziaren inguruan, Adolfo Arejita EHHA egitasmoaren zuzendari akademikoak nabarmendu du «euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarriturik, gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu gogorra» eskaintzen duela.

145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko eta audioak

Herri hizkeren atlasaren liburuki guztiak pdf formatuan daude ikusgai, eta V. eta VI. liburukien kasuan entzungai ere badaudela gogoratu du Euskaltzaindiak, audioak webgunean bertan eskegita baitaude.

Oroitu dute, bestalde, Atlasaren datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu zirela, eta inkestekin 4.000 ordutik gorako grabazioak dituzten 2.400 zinta gordetzen direla, batez beste 27 ordu herriko.

Aditz morfologiatik deklinabidera, hitzak eta esamoldeak, baserriaren eta lur lantzearen kontzeptuak, ingurumena, landareak, abereak, sasoiak, sexualitatea, janzkera edota hainbat prozesurekin zerikusia duen lexikoa jasotzen da Atlasaren liburuki ezberdinetan.