GAUR8

Pandemiak gizarte inklusibo eta solidariagoa utzi du atzerritar jatorriko lagunekiko jarreran

EAEn atzerriko jatorriko pertsonekiko dagoen tolerantzia-indizeak zifrarik altuena du neurtzen hasi zenetik. Azken hilabeteotan egindako barometroaren datuek erakutsi dute gizarteak ez duela immigrazioa arazotzat hartzen, eta estereotipo faltsu eta negatiboek gero eta babes txikiagoa dutela.

Migratzaileen eskubideen aldeko manifestazio bat Bilbon, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Migratzaileen eskubideen aldeko manifestazio bat Bilbon, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Covid-19aren pandemiak euskal gizarte ulerkorragoa eta solidarioagoa ekarri du egoera kritikoan dauden pertsonekiko, eta immigrazioarekiko jarrera toleranteagoak erausten ditu». Horrela laburtu dute Lakuako Gobernuko ordezkariek Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiak aurten egin duen Barometroak ondorioztatu duena.

Zehaztutakoaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen artean atzerriko jatorriko pertsonekiko dagoen tolerantzia-indizea 65 puntukoa da, eta «horrek esan nahi du nabarmen egin duela gora 2019ko barometroaren aldean, orduan 60,67 puntukoa baitzen». Neurtzen denetik, zifrarik altuena da, nabarmendu dutenez.

Urtearen azken hiruhilekoan egin den barometroaren emaitzetan ikusi da, bestalde, gizarteak ez du Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak. Biztanleriaren %10,2k soilik uste du immigrazioa EAErako arazo bat dela.

Datuen arabera, immigrazioak enpleguan eta ekonomian duen eragin positiboen inguruko pertzepzioak ere gora egin du, eta estereotipo faltsu eta negatiboei dagokienez, «gero eta babes sozial txikiagoa» dutela ikusi da. «Izan ere, euskal gizarteak arbuiatu egiten du bertakoei soilik zuzendutako babes sozialeko sistema bat, eta hezkuntza publikoa zein osasuna pertsona guztien eskubideak direla uste du», azaldu dute barometroaren egileek.

Hala ere, jasotako datuei begira zenbait kolektiboren estigmatizazioa ez da desagertu. Urteetan zehar mantentzen den joerak jarraitzen du arlo honetan, eta jatorri pakistandarra, errumaniarra eta magrebtarra dutenak dira estigmatizatuenak.

Asilo eta babesaren atalean, herritarren tolerantzia maila altuagoa da azken barometroaren arabera. Herritarren ia herenak (%32,2) uste du inolako murrizketarik gabe hartu behar direla pertsona horiek, eta jazarpena pairatu duten lagunak direla egiaztatu ahal izan dutenen kasuetan jarrita, zifra %73,7ra igotzen da.

Egoeragatik


Beatriz Artolazabal Lakuako Gobernuko Berdintasuneko sailburuaren ustez, datuok adierazten dute «gizartea jakitun dela egoeraren larritasunaz, pertsona eta familia asko egoera kritikoan daudela eta lotura estutzeko eta solidarioak izateko unea dela».

Bestalde, immigrazioari buruzko zurrumurruak eta estereotipo faltsuak desagerrarazteko «gizarte modura eta unibertsitate gisa» lan egin behar dela adierazi du Patxi Juaristi EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, eta gaineratu du unibertsitate publikoak argi daukala «hezkuntza publikoa, gainerako zerbitzu publikoak bezala, pertsona guztien eskubide unibertsalak direla».