GAUR8

IkasLagun programa Gipuzkoan, errefortzu akademikoa babes sisteman dauden haurrentzat

EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sinatutako hitzarmen bati esker IkasLagun programa berriz aktibatu da babes sisteman dauden haurrei errefortzu akademikoa eskaintzeko. Unibertsitateko ikasle boluntarioek astean bi orduz laguntza ematen diete haurrei eta trukean kredituak lortzen dituzte.

IkasLagun programaren aurkezpena. (EHU)
IkasLagun programaren aurkezpena. (EHU)

Lankidetza hitzarmen bat sinatu dute EHUk eta Gipuzkoako Diputazioak IkasLagun programa martxan jartzeko. Helburua da babes egoitzetan dauden haurrei ikasketetan errefortzua eskaintzea, EHUko ikasleen borondatezko lanaren bidez.

Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dutenez, hezkuntzan aukera berdintasuna indartzea da asmoa. IkasLagun programaren jatorrian Arrakasta EHUren beste programa aitzindari bat dagoela aipatu dute. Haurtzaroa eta nerabezaroa babesteko eta gizarte inklusioko sistemetan dauden gazteak unibertsitatean sartzeko eta goi mailako ikasketak arrakastaz egiteko aukera izan dezaten «baldintza egokiak» sortzea du helburu.

IkasLagunen erronka, ordea, babes sisteman dauden haur eta nerabe gehiago unibertsitatera iristeko edo «prestakuntza ibilbide luzeago bat» egiteko laguntza ematea da.

Garaian taldea Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harrera sailarekin batera duela hiru urte hasi zen programa diseinatzen, «kolektibo horren hezkuntza aukeretan hautemandako desberdintasunak murrizten laguntzeko, babes baliabideen tutoretzapean zeuden haurrei banan-banako errefortzu akademikoa eskainita».

Onurak, agerian

Programaren ekimen pilotua 2018-19 ikasturtean jarri zen martxan eta 32 ikaslagunek 28 haurri eskaini zieten laguntza. Nabarmendu dutenez, «agerian geratu zen onura asko zeudela irakaskuntza-ikaskuntza» prozesuan, haurren errendimendu akademikoa hobetu eta babes sarea handitzeko, baina baita EHUko ikasleentzat ere, «gaitasun pertsonalak, akademikoak eta sozialak» eskuratzeko «eta etorkizuneko lanbidean hobeto aritzeko baliagarriak izango zaizkien errealitate berriak» ezagutzeko.

Pasa den ikasturtean 12 babes baliabideetako 64 haurrek eta 64 boluntarioek hartu zuten parte IkasLagun programan, eta beste 54 ordezkok eman zuten izena. Zehaztu dutenez, EHUko 150 ikaslek baino gehiagok egitasmoan parte hartzeko interesa agertu zuten. Martxoan, pandemia iristean, programa geratu egin zen baina «ikaslagun posta eta bideoak» ekimena burutu zuten harremana mantentzeko.

Aurten, 13 babes egoitzetan dauden 64 haurrek 61 ikasleen laguntza jasoko dute, aurrez aurreko saioetan zein online. Lankidetza hitzarmenarekin proiektua sendotu nahi da, eta ikasleen konpromisoa astero bi orduz dagokien haurrari errefortzu akademikoa eskaintzea da. Trukean, «aukera askeko hiru kreditu» izango dituzte ikasleek eta lekualdaketen gastuak ordainduko zaizkie.