GAUR8

Genero ikuspegiko ipuinen gida, «Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu»

Parean elkarteak «Haur literatura berdintasunaren aldeko aliatu» izeneko gida argitaratu du. Ipuin sorta baten proposamena da, «berdintasunean, autonomian, dibertsitatean, errespetuan eta askatasunean euskaraz hezteko lanean» daudenei zuzenduta.

Parean elkarteak landu duen gida. (Parean)
Parean elkarteak landu duen gida. (Parean)

Parean elkarteak argitaratu duen gidak «hezkidetza oinarri duten eta euskaraz idatziak edo euskarara itzuliak izan diren ipuinak» biltzen ditu. Gaiei dagokienez, denetarik dagoela zehaztu dute:emakumeek historian egin duten ekarpenen ingurukoak, maskulinitate berrien gainekoak, genero indarkeriari aurre egiteko proposamenak biltzen dituztenak, heziketa afektibo sexuala sustatzeko materialak edota homofobiaren aurkakoak, besteak beste. Zehaztu dute «gai potoloak» lantzeko aukera ematen duten ipuinak daudela, baina «umeei erakargarriak diren ipuinak izatea lehenetsi» dutela.

«Ipuinak errealitatetik fantasiara jauzi egiteko hegazkinak dira. Mundu berrietara eramaten gaituzte; baina norbere barrura begiratzeko aukera ematen digute». Hitzok Parean elkartearenak dira eta gidaren hitzaurrearen sarrera dira. Bertan azaldu dutenez, beste herri batzuetan aurrerapauso handiak eman dira haur literaturan genero ikuspegia txertatzeko.

Gidan agertzen diren liburu gehienak euskaraz daude, baina elkarteak aitortu du ez dela erraza izan eta horregatik, gida «aldarria» ere izan nahi duela azaldu dute. «Gure haur literaturak generoaren bidea ibil dezan ahaleginak egin behar dira: batetik dagoena euskaratuz eta bestetik, sormenari ateak irekiz».

2020ko uzta

Parean elkarteak zehaztutakoaren arabera, gidak dituen ipuinen artean 2020ak utzitako berrikuntzak dira gehienak, baina «aspaldi idatzitako eta oraindik oso kutunak diren ipuin eta liburuak» ere aurki daitezke.

Adin eta gaitasun ezberdinen arabera sailkatu dituzte tituluak eta «euskaraz oraindik ez dauden ezinbestekoek» atal berezi bat dute. Honekin lotuta, lan horiek euskaratzeko eskaria egin du elkarteak gidatik bertatik.

Parean 2015ean sortutako elkartea da, «genero ardatz, egiazko komunitatea ehuntzeko». Asmoa, diotenez, «emakumeen, etorkinen eta adinekoen ongizate erreala proiektu berritzaileen bidez» lortzea da.