GAUR8

Lapa espezie bat, historiaurreko klimaren eta orduko giza portaeraren adierazle

UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaile batzuek Kantabriako Unibertsitatearekin eta Max Planck Institutuarekin elkarlanean egindako ikerketa batek erakutsi duenez, Patella depressa espezieko lapak bereizmen handiko adierazle klimatikoa dira.

Asier Garcia Escarzaga, oskolen hazkundea aztertzen (Asier Garcia Escarzaga)
Asier Garcia Escarzaga, oskolen hazkundea aztertzen (Asier Garcia Escarzaga)

Itsas moluskuen oskoletako oxigeno-isotopo egonkorren (δ18O) erlazioen analisiek iraganean zer kondizio ozeanografiko zeuden jakiteko bide eman dute, baita historiaurreko giza populazioek zer-nolako bizimodua zeukaten jakiteko ere. Hala ere, lagin arkeologikoak aztertu baino lehen, gaur egungo oskolak aztertu beharra dago, ea hautatutako espeziea hazi bitartean izan ziren klima-kondizioak islatzeko adierazle egokia den jakiteko.

Asier Garcia Escarzaga UPV/EHUko ikertzaileak Max Planck Institutuko eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileekin batera zuzendutako ikerketa batek aldiz frogatu du Patella depressa espeziea klima-adierazle egokia dela. Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology nazioarteko aldizkarian argitaratuko ikerketa horrek oskolen hazkunde patroien azterketa eta oxigenoaren isotopo egonkorren analisia uztartu ditu.

Oskolak hazi bitartean izandako klima aldaketak

Ikerketaren egileek esan dute lagin modernoen balio isotopikoetatik abiatuta berreraikitako itsasoko tenperaturek zuzen islatzen dituztela aztertutako espezimenen bizitzan zehar itsasoko tenperaturan izandako aldaketak. Emaitzek berretsi egiten dute, beraz, Patella depressa espeziearen oskoletako oxigeno-isotopo egonkorren azterketak gaur egungo eta iraganeko klima baldintzen adierazle bikaina direla.

Ikerketa berritzaile honek, gainera, eragin garrantzitsua izango du etorkizuneko ikerketa paleoklimatiko eta arkeologikoetan. Hain zuzen ere, oskol arkeologikoen azterketak historiaurrean giza populazioek itsas ingurunea nola ustiatzen zuten jakiteko aukera emango du, baita iraganeko klima-aldaketek giza talde haietan zer eragin izan zuten jakiteko ere.