GAUR8

Emakundek hiru ikerketa beka iragarri ditu, 70.000 euroko balioarekin

Emakundek 2021erako onartu duen deialdian hiru beka mota iragarri ditu: genero-harremanen testuinguruko ikerketa gai eta eremuetara bideratutako bi eta «askotariko bereizkeria jasaten duen eta jasateko arriskuan dauden emakumeen premiak» aztertzera eta horiei erantzutera bideratutako hirugarren bat.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Emakundek hiru beka deialdi onartu ditu 2021. urterako, 70.000 euroko balioarekin. Deialdiak hiru atal ditu azterlanen helburu ezberdinei begira.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Emakumearen Erakundeak aurreikusitako hiru beketako batek balio-aldaketak ekarriko dituzten ekimenekin lotuta dago. Emakundek azaldu duenez, helburua da «gizarte eremu guztietan balio-aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak baliatzea eta horretarako dauden faktoreak aztertzea».

Bigarren motako beka «askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan» jartzen du fokua. Asmoa da «egoerak eta desberdintasunak» aztertzea, «bereziki baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzerakoan eta segurtasunean».

Arlo soziopolitikoan emakumeen eragina eta parte hartzea beken hirugarren atalaren gako nagusia da. Erabakiak hartzeko arloetan eta emakumeen buruzagitza eta ahalduntze politiko, ekonomiko eta sozialaren arloan, «sistema patriarkala gainditzen laguntzen duten ekimenen eta estrategien bilaketa» bultzatu nahi du deialdiak bereizten duen atal horrek.

800.000 euro laguntzetan

Besatlde, 2021erako diru laguntzen deialdiari dagokionez, 800.000 euroko inbertsioa iragarri du Emakundek udalei eta elkarteei zuzenduta.

500.000 euro udalerri, koadrila eta mankomunitateen artean banatuko ditu Emakundek emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak edo berdintasunerako planak egin eta ebaluatzeko behar den laguntza teknikoa ahalbidetzeko.

Bestalde, indarkeria portaerei buruzko sentsibilizazio eta prebentzio jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioen artean 300.000euro banatzea aurreikusi du.