GAUR8

Trikitixak Euskal Herrian izan duen bilakaeraren erradiografia, ikerketa lan baten bidez

Tradiziotik modernitatera, trikitixak eta berarekin batera euskal kulturak bizi izan duen hibridazio prozesua aztertu du Gurutze Lasa Zuzuarregi EHUko ikerlariak. Soinu txikiaren erradiografia horretan, bilakaera historikoa eta geografikoa, produkzioaren ezaugarriak eta emakumeek izan duten papera agertzen dira.

Ines Osinaga musikaria, artxiboko irudian.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Ines Osinaga musikaria, artxiboko irudian.(Juan Carlos RUIZ/FOKU)

EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saileko ikerketa batek trikitixak izan duen ibilbidea aztertu du, euskal kulturaren eraldaketan eta transmisioan izan duen paperari erreparatuz. Gurutze Lasa Zuzuarregik burutu du ikerlana. Dioenez «esanguratsua» da lortu duen transmisioa, garai berrietara egokitzeko gaitasuna eta genero ikuspuntutik ekarri dituen aldaketak.

Lasak gogoratu duenez, XIX. mendean Euskal Herrira heldu zen soinu txikiak berehala hartu zuen protagonismoa baselizen inguruko erromerietan, batik bat Bizkaia eta Gipuzkoako landa eremuko herritar euskaldunen artean. «Tradizioa eta modernitatearen arteko tentsioa oso ondo irudikatzeaz gain, iragana-geroa edo lokala-globalaren arteko adibide garbiak eskaintzen dituen adierazpen musikala da eta horregatik ekin nion trikitixaren hibridazioa aztertzeari», adierazi du ikertzaileak.

Hibridazio kontzeptuaz azaldu du Nestor Garcia Canclini antropologo argentinarraren definizioaren bidetik «prozesu soziokulturaletan» zentratu dela, «non bereizita ageri diren egitura edo praktika diskretuak konbinatu egiten diren egitura, objektu eta praktika berriak sortzeko». Horren harira gogoratu du Internetek beste herrialdeetako berrikuntzak «erraz nahastu eta biderkatzeko aukerak eskaintzen dituela».

Azken hamarkadak

Trikitixaren bilakaera historikoa aztertzeko alderdi geografikoa eta bilakera horretan emakumeek izan duten papera ere aztertu du. Marko kronologikoari dagokionez zehaztu du, bestalde, soinu txikia Euskal Herrian zeneko lehen berria 1889koa bada ere, bilakaera aztertzeko «arreta berezia eskaini» diola 1986an ospatu zen XI. Euskal Herriko Txapelketatik gaur arte izandako ibilbideari.

Egungo trikitilarien ezaugarriak eta horiek produkzioan duten isla ere ikertu ditu Lasak, eta zehaztu du izandako hibridazio prozesu horretan, txapelketa nagusiekin batera Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Esne Beltza, Gose, Huntza eta Koba taldeen ibilbideak aztertu dituela.

Generoari dagokionez, ikerlariak nabarmendu du egun emakume asko direla trikitixarekin taularatzen direnak «ikusezintasunari iskin eginez, hastapenetako jatorri landatar eta gizonezko jotzailearen profil hegemonikoaren pixkanakako dibertsifikazioa» bizi ondoren.

Ikertzaileak adierazi du lanarekin «trikitixa ere beste adierazpen musikal bat dela» ikusarazi nahi duela eta uste du «hala balioztatu beharko litzatekeela gure gizartean, hezkuntzan zein arlo guztietan. Prejuizioak alde batera utzi eta musikaren alorretik trikitilariak balioan jarriz».