GAUR8

Bioaniztasunak zoriontasuna eragiten badu, Gautegiz Arteaga gordailu handi bat da

Gautegiz Arteaga, Euskal Herriko herririk zoriontsuena? Galdera Urdaibai Bird Centerrek bota du udalerri bizkaitarrak daukan bioaniztasun handia kontuan hartuta, ikerlan batek baieztatu baitu europarrik zoriontsuenak bere inguru naturalean espezie ezberdin ugari dituztenak direla.

Hegazti espezie ezberdinak paduran. (Urdaibai Bird Center)
Hegazti espezie ezberdinak paduran. (Urdaibai Bird Center)

Europako hainbat erakunde eta unibertsitateren parte hartzea izan duen “Ecological Economics” aldizkariaren azken alean naturak ongizatean duen eragina aztertu dute eta Europan egin den ikerlan bati erreparatu diote, inguruan espezie asko dituzten herritarrek zoriontasun maila handiago bat dutela egiaztatu baita.

The importance of species diversity for human well-being in Europe” izeneko azterketan espezie aniztasunaren eta Europako bizi kalitatearekiko asebetetzearen arteko lotura aztertu nahi zuten. Lanean Europako 26 herrialdetako 26.000 heldu baino gehiagoren bizitzarekiko gogobetetze maila aztertu zuten, eta aurkitu zuten «europarrak bereziki pozik daudela bere ingurune hurbilean aniztasun handia dagoenean, behintzat».

Hegaztien behaketarako zentroak nabarmendu du ikerketan parte hartu dutenen datu sozioekonomikoak aztertu zituztela eta «harriduraz» ikusi zutela adierazten zutenaren arabera «hegaztien aniztasuna diru-sarrera ekonomikoak bezain garrantzitsua dela bizitzan duten gogobetetasunerako».

Mehatxatutako espezie ugari

Ikerlanaren emaitzak kontuan hartuta, Urdaibai Bird Centerrek nabarmendu du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean dagoen Gautegiz Arteagak duen aberastasuna, «biodibertsitatez gainezka egiten» baitu.

Zentroak gogoratu du urtean zehar 250 hegazti-espezie baino gehiago hartzen dituela herriak, eta erraz ikustekoak. Horren ondoan zehaztu du dortoka istilzaleak «eta Europako ugaztunik mehatxatuenetako batek, ur-ipurtatsak, eta bisoi europarrak, bere azken mugetako bat» daukatela han.

Bioaniztasun aberats horren erakusle den padura ere aipatu du, bertan bizi batira ornogabeak, tximeletak eta burruntziak edota «hiruarantzaduna bezalako arrain zoragarri eta mehatxatuak» ere.

Europan egin den ikerketaren ondorioen harira, Urdaibai Bird Centerrek azaldu du pertsonen eta naturaren arteko oreka kontuan hartuta Gautegiz Arteagak badituela bere biztanleak zoriontsu izateko beharreko osagaiak eta «biodibertsitate-gordailu handi bat».