GAUR8

Genero berdintasunari eta sexu hezkuntzari buruzko esperientzia birtualak Astigarragan

Astigarragako Gaztelekuan, genero berdintasunarekin eta sexu hezkuntzarekin lotutako ekimena jarriko dute martxan gaur bertan 12 eta 14 urte bitarteko nerabeei zuzenduta. Eguneroko egoerak islatzen dituzten esperientzia birtualak eskainiko dituzte «Middin» startup-aren laguntzarekin.

Helburu pedagogikoa duen errealitate birtuala erabiliko du ekimenak. (Middi)
Helburu pedagogikoa duen errealitate birtuala erabiliko du ekimenak. (Middi)

Astigarragako Gaztelekuaren 12 eta 14 urte bitarteko erabiltzaileek proposamen aitzindari batean parte hartzeko aukera izango dute gaurtik aurrera. Middin enpresaren zerbitzuen bidez genero berdintasunarekin eta sexu hezkuntzarekin lotuta dauden eguneroko egoerak birsortzen dituzten hamar esperientzi birtual ikusi ahal izango dituzte.

Ekimenaren bultzatzaileek azaldu dutenez, hamar dira eskainiko diren murgiltze-esperientziak eta errealitate birtualeko betaurrekoen bidez biziko dituzte. Esperientzia horiek bost unitate didaktikotan banatuta daudela zehaztu dute. Horien bidez hainbat gai landuko dituzte: emozioen kudeaketa, sexu osasuna, berdintasunean oinarritutako bizikidetza, aniztasuna, estereotipoak, identitatea eta plazer erotikoa.

«Horietako bakoitzean, erabiltzaileak 360 gradutako esperientzia birtual interaktiboak biziko ditu, eta egoera garatzen lagunduko duten erabakiak hartu beharko ditu», argitu dutenez.

Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak adierazi du udal gobernuari «aukera paregabea» iruditu zitzaiola heziketa eta teknologia berriak batzen dituen proiektua martxan jartzea eta aldi berean «Berdintasunaren arloan egiten ari garen lana indartu eta gaztetxoengana hurbiltzea».

Middin enpresa sortu duten Leyre Jaureguik eta Sara Viglionek nabarmendu dute, bestalde, «aldaketa ororen oinarria hezkuntzan» dagoela eta «aldaketa-eragileak sortu» nahi dituztela «nola hezten dugun aldatzen hasi behar dugulako».

Hezkuntza eduki digitalak

Gazte gipuzkoar biek sortutako startup-ak plataforma digital bat garatu du eta bertan hezkuntza eduki digitalak eskainiko ditu, «psikologian eta sexologian adituak diren aholkularien eta adituen taldearen eskutik».

Edukiek formatu ezberdinetan eskainiko dituztela argitu dute: «gamifikazioa, errealitate birtuala, inkestak, joko edo ikus-entzunezko beste eduki batzuen bidez».

Zehaztu dute, bestalde, «teknologia helburu bat lortzeko baliabide gisa erabiltzen duten metodologia pedagogiko propioarekin lan egiten» dutela.