GAUR8

«30 emakume ahaztezin» erakusketa Bergarara heldu da

Dagoeneko ikusgai dago Bergarako Laboratorium Museoan «30 emakume ahaztezin», Euskal Herriko historian zehar hainbat diziplinatan nabarmendu diren emakumeak erretratatzen dituen erakusketa. Hogeita hamar akuarela, ikus-entzunezko materiala eta zenbait elementu biltzen ditu hitzorduak, emakumeen bizitzari buruzko informazioa osatzeko.

Emakundeko eta Bergarako ordezkariak, Laboratoriumean gaur. (Emakunde)
Emakundeko eta Bergarako ordezkariak, Laboratoriumean gaur. (Emakunde)

Bilboko Euskal Museotik Bergarako Laboratoriumera bidaiatu da “30 emakume ahaztezin” Emakundek antolatu duen erakusketak. Elena Ciordia artistak egindako hainbat arlotan nabarmendu diren emakumeen erretratuek osatzen dute bilduma, eta historia horiek osatzeko ikus-entzunezko materiala eta beste elementu batzuk biltzen ditu erakusketak.

Aste honetan Bergaran egin duten aurkezpenean Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, «luzaroan izan duten errekonozimendu faltak ikusezin» bihurtu ditu emakumeak kasu askotan, «mundua ezagutzen dugun bezala eraikitzen ekarpen handia egin duten arren».

Izan ere, bilduman erretratatutako emakumeen artean literaturan, bertsolaritzan, pinturan, argazkigintzan, kirolaren munduan edota politikan nabarmendutako pertsonaiak daude, besteak beste.

«Erakusketa honek guztiak omendu nahi ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu zirenak, baina aldi berean, hain aitortuak ez diren beste lan batzuetan bizitzeari eustea ahalbidetu dutenak ere omendu nahi ditu», azaldu du Landaidak.

Izen eta istorio gehiago jasotzeko panela

Erakusketak bultzatu nahi duen errekonozimenduaren ildotik eta «historiako beste emakume asko izendatuak eta omenduak izatea merezi dutela jakinik», herritarren ekarpenak jasotzeko panel bat egokitu dute, «zeinean bisitariek emakumeen izen gehiago proposatu ahalko dituzten».

Espazio horretaz argitu dute edozein eremutan nabarmentzen diren emakumeak izan daitezkeela, herrietako erreferenteak direnak edo izan direnak, edota haien familiakoak ere, eta beren historia kontatzea. Ekarpena panelaren bidez egin dezakete edo sare sozialen bidez #emakumeahaztezinak traola erabiliz.