GAUR8

«Basoaren astea» egingo dute Gipuzkoako 50 eskola baino gehiagok

Hilaren 21ean izango den Basoen Nazioarteko Eguna aitzakia, 15etik 18ra bitartean Gipuzkoako 50 eskola baino gehiagok "Basoaren astea" egingo dute zuhaitz ale batzuk landatuz. Ekitaldia “Basoak ernatzen” proiektuaren «ale txiki bat da», eta basoaren garrantzia eskola komunitatera zabaldu nahi du.

50 eskolatik gorak parte hartu dute “Basoak ernatzen” proiektuan
50 eskolatik gorak parte hartu dute “Basoak ernatzen” proiektuan

Martxoaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Basoak ekosistema moduan duten garrantzia gizarteratu nahi da egun seinalatu horretan, herritarrei ohartarazi basoak, ematen duten zerbitzu ekosistemikoei esker, ezinbestekoak direla gizakiaren biziraupenerako eta ongizaterako. Antolatzaileek diotenez, covid-19ak agerian utzi du antzeko sindemiak gertatu ez daitezen ezinbestekoa dela gure inguruko biodibertsitatea kontserbatzea; horregatik, garrantzitsua da hezkuntza arloan basoek gure bioaniztasunean betetzen duten funtzioa ezagutarazi eta zabaltzea.

Eskola Agenda 2030aren helburuetakok bat gogorarazi dute: jasangarritasuna eskoletan barneratzea, hain zuzen, eta 17 urtetan zehar eskoletan ikasturtez ikasturte hainbat gai landu dituztela: energia, paisaia, klima aldaketa, elikadura jasangarria, biodibertsitatea… Aurtengo gaia eskola askotan Garapen Iraunkorreko 15. Helburuari loturikoa izan da, “Lehorreko ekosistemak: basoa” izenekoa.

Hala, aurtengo ikasturtean eskola askok jorratu dute basoa ikuspuntu ezberdinetatik: «Gizartean duten funtzioaz, bertako espezieez, egurraren erabileraz, historikoki izan duten garrantziaz, eta abarrez hitz egin dute Gipuzkoako hainbat eskoletan». Horrez gain, eskola bakoitzak, inguruko, haien curriculumeko eta herri mailako basoen diagnostikoa egin behar izan du, eta udaberrian zehar, ateratako ondorioen arabaera, aurkitu dituzten hutsuneak hobetzen saiatuko dira.

«Basoak ernatzen» proiektua

Izan da, halaber, eskola guztiek garatu duten proiektu bat: “Basoak ernatzen”, 50 baino gehiagok parte hartu dutena. Eskola horiek guztiek udazkenean beren herrian jasotako ezkurretatik haritz landareak hazi dituzte. Horretarako, hiru metodo erabili eta konparatu ahal izan dituzte eta konpetentzia zientifikoa landu eta metodologia zientifikoan barneratzeko aukera izan dute. 

Udaberrian basoa gai dutela aurrera egingo duten arren, Basoaren Nazioarteko Eguna ospatze aldera, Gipuzkoako ikastetxeek landaketa sinboliko bat egingo dute euren eskola inguruan edota haien Udalak utzitako eremu batean. «Landaketa horiek guztiak datorren astean egingo dira, martxoaren 15a eta 18a artean, eta eskola askotan basoei buruzko hausnarketa egiteko eta lantzeko erabiliko da “Basoaren astea”», diote.

Besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, mural margoketak, eta basoari loturiko hainbat jarduera antolatu dituzte hainbat irakasgaitan. Udalerri askotan, herrian bertan «zuhaitz egun txikiak» antolatzeko asmoa ere badute, eskolen arteko elkarlanean baso txikiak sortzeko, edota landareei loturiko habitatak berreskuratzeko.

Hala, Eusko Jaurlaritzako Ingurugelak bultzaturiko ekimen honetan, hainbat udalerritako eskolek, udalek eta ingurumen hezkuntzari loturiko enpresek bat egin dute “Basoaren astea” eta Basoen Nazioarteko Egunari elkarlanean egiteko.

Herri hauetan egingo dute “Basoaren astea”: Irun, Hondarribia, Errenteria, Lezo, Oiartzun, Donostia, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil, Urnieta, Andoain, Ordixzia, Beasain, Olaberria, Ataun, Idiazabal, Lazkao, Itsasondo, Azkoitia, Zarautz eta Zumaian.