GAUR8

Ekin, langileen eta makinen arteko interakzioa euskaraz garatzeko proiektua

Lengoaia naturala eta makinen arteko interakzioa garatuko duen Ekin proiektua adimen artifizialeko teknologian oinarrituta dago. Egitasmoa INDEUS euskal enpresen plataforman aurkeztu eta euskarazko dokumentazioa eskatu dute, proiektua garatzeko behar den corpusa osatzeko.

SPRIk finantzatuko du Ekin proiektua, Elkartek programaren testuinguruan. (SPRI)
SPRIk finantzatuko du Ekin proiektua, Elkartek programaren testuinguruan. (SPRI)

Vicomtech, EHU, Tekniker, Ikor, IMH eta UZEI erakundeak dira langileen eta makinen arteko interakzio-mekanismoak garatzeko proiektua bultzatzen dutenak. Ekin izena du egitasmoak eta Vicomtechek koordinatzen du, «zenbait prozesuren produktibitatea errazteko eta hobetzeko».

Azpimarratu dutenez, adimen artifizialeko teknologia «aurreratuenak» erabiliko ditu, «langileen eta makinen artean hizkuntza naturaleko interfazen garapena errazteko».

«Teknologia horiekin ahotsa ezagutzeko eta sintetizatzeko eredu neuronalak optimizatuko dira», argitu dute. Horrez gain, zehaztu dutenez, «makinetan bertan kokatutako gailu elektronikoetan integratu ahal izango dira, bai eta automatismoetan ere, hedapenek eragin ditzaketen pribatutasun, segurtasun eta latentzia arazoak saihesteko».

Egitasmoa garatzeko beharrezkoa izango da «corpusa edukitzea», eta horretarako, «eskuliburuak, dosierrak eta mantentze-oharrak» beharrezkoak izango direla azaldu dute. Gainera, «ezinbestekoak» izango omen dira «erreferentziazko hizkuntzetan dauden terminologia-oinarri bat eta pertsona-makina interakzioko adierazpenak».

Oinarrizko corpusa

Proiektuaren helburuetako bat langileen eta makinen arteko interakzioa euskaraz sustatzea denez, INDEUS euskal industriaren plataforma osatzen duten enpresen aurrean aurkeztu da eta bertan «oinarrizko corpusa euskaraz ere izateko beharra» azaldu da.

Proiektuaren bultzatzailek industrien aldetik izandako «harrera positiboa» eta ekimenean parte hartzeko erakutsitako «borondate argia» nabarmendu dute, «euskaraz eskuragarri dagoen dokumentazioa» aurkezteko prest azaldu baitira.

Aurreratu dute, bestalde, teknologia garatzeko erabilera-kasu gisa erabiliko diren hiru ingurune definitu direla: zenbakizko kontrolen programazioa, fabrikazio eta muntaketa prozesuak eta mantentze industriala.

«Proiektua amaitutakoan –erantsi dute– ingurune horietako bat aukeratuko da inplementazioa gauzatzeko eta emaitzak baliozkotzeko, teknologia beste industria instalazio batzuetara transferitu eta aplikatu aurretik».

Gogoratu dutenez, INDEUS plataformak 25 euskal enpresa biltzen ditu, eta SPRIk, Energiaren Euskal Erakundeak, Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta hiru diputazioek bultzatzen dute.