GAUR8

Konfinamenduaren beste alde bat: haurrek pazientzia, sormena eta enpatia garatu dituzte

Konfinamendu zorrotzak haurrengan zuzeneko eragina izan bazuen ere, onuragarriak diren alde batzuk utzi dituela nabarmentzen dute zenbait adituk: pazientzia handiagokoak, enpatikoagoak eta sortzaileagoak diren haurrak eragin ditu itxialdiak.

Familia bat hondartzan, konfinamenduaren ondorengo asteetan. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Familia bat hondartzan, konfinamenduaren ondorengo asteetan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Osasun larrialdiak ekarri dituen itxialdien eta murrizketen ondorioak ez dira beti eta erabat negatiboak izan. Aditu batzuen ustez, «pazientzia handiagokoak, enpatikoagoak eta sortzaileagoak» diren haurrak egin ditu pandemiak.

Iritzi horretakoa da Amalia Gordovil familia-psikologoa eta UOC-eko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien ikasketen irakasle kolaboratzailea. Joan den udaberriko konfinamenduaren esperientzian zentratuta, Gordovilek azaldu du itxialdiarekin lotutako nahasmenduak bereziki helduengan agertzen zirela baina «ez hainbeste haur eta gazteengan».

Adituaren esanetan, helduek seme-alaben zailtasunak aipatzen zituzten bitartean haurrei galdetuta kontrakoa esaten zuten, «oso ondo zeudela adierazteraino», batez ere gurasoekin denbora luzez egotearen ondorioz.

Zenbait azterlanen arabera, haurren erdia baino gehiagok buruko osasuna kaltetuta ikusi du. Gordovilen ustez, haurrei galdetu beharko litzaieke zuzenean, eta osasuna kaltetu dezaketen «aldagaiak baloratu», batez ere «konfinatu aurreko haurraren eta gurasoen edo zaintzailen nagusien» egoerari eta emozioen kudeaketari erreparatuz.

Kataluniako Oberta Unibertsitateko irakasleak azaltzen duenez, pandemiari esker eta batez ere konfinamendu zorrotzeko asteetan, haurrek zailtasunetatik ikasteko aukera ugari izan zituzten.

Testuinguru horretan, egun luzeak etxean sartuta ohikoagoak egin ziren anai-arreben arteko gatazkak aipatzen ditu. Dioenez, ez dira gurasoen «gustukoak» izaten, baina onuragarriak dira garapen emozionalaren ikuspegitik, eztabaidatzeak iritzia defendatzen, behar bezala adierazten eta norberaren mugak aztertzen irakasten dutelako.

Norberaren kontrola landu

Hain garrantzitsua den autokontrolaren kasuan ere, Gordovilek planteatzen du hainbat nerabek onartu dutela «gehiago kontrolatu dutela euren burua» jada zaila zen egoera ez okertzeko. «Horrela beren burua kontrolatzen ikasi dute eta batzuetan etsi behar izan dela jakin dute», azpimarratu duenez.

Konfinamenduaren ondorio positiboen artean, familiaren garrantziaren pertzepzioa ere aipatu du adituak. Azpimarratu du itxialdiak elkarri hobeto ezagutzen eta «enpatia helduago bat» garatzen lagundu duela, etxean zereginak ere badaudela ulertzen eta horietan laguntzen.

Asperdura eta pazientzia ere konfinamenduarekin lotutako alderdi positiboak direla komentatzen du Gordovilek, sormenarekin eta jakin-minarekin lotuta daudelako.

Era berean, murrizketak arindu direnean lehen ohikoak ziren gauza txiki eta ekintza xumeei eman zaien garrantzi handiagoa nabarmendu du, baita naturari begiratzeko era berria ere.