GAUR8

Pobreziarekin lotutako aurreritziak desagerrarazten dituen «escape room» berria, online eta doakoa

Pobreziaren kontrako Nafarroako Sareak tresna berri bat aktibatu du gazteen artean gizarte bazterkeriaren inguruko hausnarketa bultzatzeko. «Escape room» formatua du, online eta doakoa da, eta aurreritziak desagerrarazi nahi ditu.

«Escape room» proiektuaren aurkezpenerako bideoaren irudi bat. (Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Sarea)
«Escape room» proiektuaren aurkezpenerako bideoaren irudi bat. (Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Sarea)

Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Nafarroako Sareak sarbide libreko escape room digital bat aktibatu du, gizarte-bazterketari eta pobreziari buruz hausnartzeko.

Ekimena «Gizarteratzeko Betaurreak» kanpainaren barruan abiatu dute, 14 urtetik gorako gazteentzat.

Nafarroako Sareak azaldu duenez, bi erronka nagusiri erantzuten die egitasmoak, auzokidea ezberdin ikusarazten dituzten aurreiritziak desagertzea eta gizartea pertsona guztientzako etxe egitea.

Sentsibilizazio kanpainak hezkuntza mundura heldu nahi du orain. Jon Etxeberria Sareko Batzorde Iraunkorreko kideak azaldu duenez, «gizartearen garapenaren funtsezko ardatzetako bat» da hezkuntza, baita «aldaketarako giltzetako» bat ere, eta espazio horretan ezartzen dira «herritartasun solidario eta bidezko bat eraikitzeko» oinarriak.

Gazteentzat diseinatu duten escape room-a online da. Funtzionamenduari dagokionez, aurreratu dute erabiltzaileek «abenturaren bidez gizarte-bazterkeriarekin eta pobreziarekin» lotutako kontzeptuak «aletzen» joango direla.

Jolasa, zehaztu dutenez, «gizarteratzearen inguruko elkarrizketa eta hausnarketa sustatzeko garatutako jardueren programazio zabal» baten barruko lehenetarikoa da.

«Inklusioaren betaurrekoak» bilatu

«Nahi al duzu batere esklusiboa ez den bip klubaren parte izan eta ‘inklusioaren betaurreko gafa-ntastiko’ hauek jantzi?». Gonbidapen deigarri horrekin parte hartzaileek «ikertzailearen paperean» jarri eta betaurrekoen zatiak bildu beharko dituzte.

Material bakoitza aurkitu ahala, gazteei, «jakintzaz jantzita, mundua ikusteko modua aldatuko» zaie, azaldu dute Saretik.

Nabarmendu dutenez, jolasa doakoa da eta Sarearen webgunean dago eskuragarri ikastetxeetan, gaztelekuetan edo etxeetan erabiltzeko prest.