GAUR8

Metodologia sinplifikatu berri bat, auzoen birgaitze energetikoa bultzatzeko

EHUko ENEDI (energia eraikuntzan) ikerketa taldeak metodologia orokor bat proposatu du hiriguneetako bizitegi-zonen birgaitze energetiko integrala egiteko. Urrats berriak dira, zero energiako barrutiak lortzeko bidean, eta Bilboko Otxarkoaga auzoan aplikatu da.

EHUko EnePoMap proiektuko kideak, irudian. (EHU)
EHUko EnePoMap proiektuko kideak, irudian. (EHU)

Klima-krisiaren aurrean, «premiazkoa da neurriak hartzea eraikuntza-parkearen eraginkortasun energetikoa lortzeko», azaldu du EHUk ENEDiko ikerlarien lanak egungo testuinguruan suposatzen duen aurrerapausoaz.

Ikerketa taldeak garatu duen prozeduran, eremuko inbentario batetik abiatuta, barrutiko eraikin baliokide bat definitzen da, eta horri esker berregokitze energetikoko plan bat lor daiteke, urtean «energia errendimenduarekin lotutako helburu jakin batzuk betetzeko ahalik eta kostu txikiena eraginez».

Eraikin birtual gisa definitutako horretan oinarrituta, energia kontsumo jakin bat asetzeko kostu txikieneko konponbide bat bilatzea da gakoa.

Europa eta Estatu mailan zein autonomia erkidegoetan, eraikien birgaitze enegetikoa aintzat hartzen duten politikak daudela gogoratu dute. Gure inguruan daukagun errealitatea kontuan hartuta, Alvaro Campos EHUko Energia Ingeniaritza Saileko ingeniaritza termikoko doktoreak nabarmendu du daukagun eraikuntza-parkea oso zahartuta dagoela.

Irtenbide paketeak

«Auzo asko desarrollismo garai betean eraiki ziren eta, horrenbestez, auzo horietako eraikinak oso homogeneoak dira», zehaztu du metodologia berria diseinatu duen ikerketa taldeko kidea den Camposek.

Azaldu duenez, horregatik ENEDI «barruti mailako edo tipologia erreproduzigarri batzuen araberako planteamenduak» egiten hasi zen, «igorpenak eta energia kontsumoak murrizteko irtenbide paketeak sortzeko».

«Halaxe lortu du taldeak barruti mailan berrikuntza integraleko jarduerak egiteko optimizazio-metodologia sinple bat», esplikatu dute unibertsitateko iturriek. Gainera, nabarmendu dute erabiltzaileak oso informazio gutxi behar duela eta energia aurrezteko neurriak hautatzeko aukera duela, baita energia hornitzeko sistemeen aukera zabal baten artetik nahi den disenua eta funtzionamendua hautatzeko ere.

Ikuspegi soziala

Metodologia Bilboko Otxarkoaga auzoan aplikatu dute. «Gizarte bazterkeria maila izugarriak» dituen auzoa izanik, «giza aldagaia, alderdi soziala, ikerketan integratzeko beharra« ikusi zutela azaldu du Camposek.

Zehaztu duenez, finantziazioa lortu dute «energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak eta teknologia eraginkorragoak integratzeko neurri horiek guztiak alderdi sozialarekin bateratuko dituen proiektu bat garatzeko, energia pobreziako egoerei aurre egiteko helburua ardatz harturik».

«Irtenbideak aktoreen gaitasunei doitzen ez bazaizkie, benetan eragiteko gaitasunik ez duen errealitate bat sortzen ari gara», erantsi du ikerlariak.