GAUR8

Etorkizuna, ibuprofenoa eta paracetamola, On Zientzia bideo lehiaketako sarien protagonista batzuk

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak saritzen dituen On Zientzia lehiaketak Tabakaleran banatu ditu astearte honetan edizio berriaren sariak. «Deepfake, etorkizuna atarian» eta «¿Por qué no podemos tomar un ibuprofeno cada 4 horas pero sí alternarlo con paracetamol?» lanek partekaztu dute sari nagusia. Gazte Saria, berriz, Toki-Alai ikastetxeko ikasleen «Aurrea goaz» bideoarentzat izan da.

Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatutako lehiaketak 86 lan jaso ditu hamaikagarren edizio honetan. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesezko bideoak izan dira, Euskal Herrikoak gehienak baina baita Alemaniatik, Erresuma Batutik, Mexikotik edota Perutik heldutakoak ere. Guztiak ww.onzientzia.tv lehiaketaren webgunean daude ikusgai.

Aurten lehendabizikoz bi sari nagusi banatu ditu lehiaketak dibulgazio bideo onenaren kategorian. Berdinketa teknikoa egon da euskarazko eta gaztelaniazko bideo banaren artean, eta horregatik aurten Euskarazko Bideo Onenaren Saria eman gabe uztea erabaki du epaimahaiak.

Sari nagusietako bat, beraz, Unai Garcia, Eneko Mosquero eta Alex Bouza batxillergoko ikasle andoaindarren “Deepfake, etorkizuna atarian” lanarentzat izan da. «Esperimentu teknologiko bat oso modu ikusgarrian» erakusten du», esan du epaimahaiak lanaz, lanketa eta lanaren egituraketa nabarmenduz.

Sari nagusia partekatu duen beste lana Yasia Doslinea galiziarrarena da. Lau ordutik behin ibuprofenoa eta paracetamola hartzearen alternantziaren ingurukoa, «lan bitxia eta gertukoa», epaimahaikideek esan dutenez: «eguneroko arazo bat modu ezin hobean» azaltzen duena.

Baloreen transmisioa eta ulergarritasuna

Toki Alaiko ikasleen “Aurrera goaz” bideoaren inguruan, «transmititzen dituen baloreak», mezu positiboa, eta zientzia eta historia modu egokian lotzen jakin dutela azpimarratu dute.

Aipamen berezia Carmen Rejaren “Ciencia” lanak jaso du, «zientzia publiko ororentzat eta pertsona guztientzat ulergarria» izateko beharrean zentratuta, lanak transmititzen duen interesa eta emozioa goraipatu dute.

Teknopolis ETBko saioak saritutako lanak, sari banaketa eta saridunen adierazpenak bilduko dituen saioa eskainiko du larunbatean ETB1en, 13:30ean; eta igandean, ETB2an, ordu berean.