GAUR8

ELA gaixotasunaren ikerketaren aldeko mezua tandemez doa eta Paristik gertu dago

Jaime Lafita bizkaitarrak gidatzen duen «BrusELA Desafioa» Paristik gertu dago dagoeneko. 190 milia nabigatu ostean 900 kilometro egin behar dituzte tandemez. Ekuadorra gaindituta, bero handia eta zati batzuetan bidearen egoera izan dira oztopo nagusiak. Astelehenean Bruselan egon behar dute.

Belaontziz 190 milia egin ostean, tandem bizikletan 900 kilometro osatu behar dituzte Bruselara heltzeko. (DalecandELA)
Belaontziz 190 milia egin ostean, tandem bizikletan 900 kilometro osatu behar dituzte Bruselara heltzeko. (DalecandELA)

“BrusELA Desafioa” Paristik gertu dago dagoeneko. Aurreikusitakoaren arabera, Lafitak gidatzen duen espedizioak ostiral honetan heldu behar du hiriburu frantsesera, gaurko egunean zehar Ramboullietera helduta. Azken berrien arabera, Chateaudun herrira heldu ziren asteazkenean, bizikletaz 400 kilometroko muga gaindituta.

Gaixotasunaren ikerketa bultzatzeko Europako erakundeen baliabide gehiago loortu nahi dituen erronka joan den ekainaren 11n jarri zuten martxan. Getxoko portutik abiatuta, 190 milia nabigatu zituzten Lafitak eta ondoan dituen DalecandELA elkarteko kideek Arroxelaraino.

Hilaren 13an heldu zien hara, eta handik beste 900 kilometro egin behar dituzte Bruselaraino. Tandemez burutuko dute erronkaren azken zati hori.

Orain arte egindako bideaz, Lafitak azaldu du etapa lasaiak izan direla eta zenbait unetan bero handikoak. Culonen inguruko ibilaldian 40 graduko sentsazio termikoa izan zutela kontatu du. Bidean, gainera, ez zuten erraza izan, harriz eta hartxintxarrez betetako malda tarteak aurkitu baitzituzten, Diego Lafita Jaimeren semeak kontatu zuenez.

Sassolik hartuko ditu

Hurrengo astelehenean, ekainaren 21ean, ELAren Mundu Egunarekin bat eginez, Bruselara heldu behar du espedizioak. Bertan, David Sassoli Europako Paramentuko presidenteak hartuko ditu Lafita eta erronkan harekin batera parte hartzen ari diren lagunak.

ELA gaixotasunaren ikerketari babesa handiagoa emateko manifestu bat emango diote. Dokumentuak Europako 30 bat elkartek sinatu dute, besteak beste, DalecandELA, Dar Dar, Saca La Lengua a la ELA eta Luzon Fundazioak.

Bruselako hau kirolari lotutako “ELAren aurkako bost garrasiak” dinamikako laugarrena da. Aurretik ELAntartika, TeidELA eta UrrELA izan dira.