GAUR8

Sormenezko joskintza, ludikoa eta jasangarria proposatzen duten tailerrak Errenterian

Uztailean zehar, joskintza, sormena, ideia berritzaileak eta arroparen gehiegizko kontsumoaren aurreko alternatibak bezalako osagaiak biltzen dituen programa eskainiko du Habian!-ek. Tailer formatuan, eskaintza anitza da. Horrez gain, egitasmoan parte hartzen duten hiru proiektutan sortutako lanen erakustaldia egingo da eta slow fashion mugimenduaren inguruko hausnarketan ere sakontzeko aukera izango da.

Habian!-en tailerren egitaraua, irudian.
Habian!-en tailerren egitaraua, irudian.

Habian! sormen sektorean lan egiten duen egitasmoak ehungintza jasangarriarekin lotutako tailerrak eskainiko ditu uztailean zehar Torrekua eraikinean. Herritarrei zuzenduta, bertan garatzen ari diren proiektuetan egiten diren jarduerekin zerikusia duten saio praktikoak izango dira.

Ehungintzaren alde ludikoa bultzatzeaz gain, «moda kontsumitzeko modu berriei buruz sentsibilizatzea dute helburu», azaldu dute. Izan ere, gaur egungo kontsumo paradigmaren aldaketak ehungintzan duen garrantzia azpimarratu nahi dela nabarmendu dute, «jasangarritasuna, moda kontzientea, slow fashion delakoa eta tokiko kontsumoa bezalako alternatibak eskainiz.

Habian! ehungintzan dauden hiru egoiliarrek antolatu dituzte tailerrak Oarsoaldea Garapen Agentziaren laguntzarekin. Proposamenen artean “Tiedye tailerra” dago, arropari bizitza berri bat ematerekin lotuta. Moda-argazkilaritzaren inguruko esperientzia eta irudiaren egungo estandarrak berrikusteko saioak izango dira, edota oinarrizko patroigintza eta diseinu pertsonalak egiten ikastekoak.

Eskaintza anitza eta berritzailearen barruan, lore-koroa tailerra dago edota Tote Bag, joskintzaren inguruko inongo ezagutzarik izan gabe «gure poltsa» egiten ikasteko.

Showroomak eta soberakinaren kudeaketa

Habian!-en lanean ari diren proiektuetan sortutako lanak ezagutarazteko, showroomak antolatu dituzte Jautarkol plazan, uztailaren 10erako eta 24erako. Bertan, Saioa Matxainek (Sai-Suo markaren sortzailea), Anne Gajatek (Ane Gago markaren sortzailea) eta Ruben Pantigak (moda argazkigintzan espezializatua) sortutako lanak bertatik bertara ezagutu eta jantziak erosteko aukera izango da, hiru sortzaileen aholkularitzarekin.

Plazan, moda artikuluen kontsumo neurrigabearen aurreko mezua ere izango da, “Arropa hau guztia botako dut leihotik” showroom-ean. Uztailaren 17an izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, pandemiak modan eta, oro har, kontsumoan izan duen «erabateko aldaketa» aztertu eta irtenbide berriak bilatzeko testuinguruan, gakoetako bat bigarren eskuko arroparen kontsumo arduratsua da, baita slow fashion eta hurbilekoa edo bertan ekoiztutakoari lotutakoa.

Helburua da ehungintzaren «soberakina» kudeatzeko modu eraginkorrak eskaintzea, jantziei bigarren bizitza emateko edota berrerabileran inguruko ideiak izateko.